Arrateko Amaren omenezko jaiak ospatzeko antolatu duen egitaraua aurkeztu du Udalak

Herritar guztiak oinez edo autobusez igotzeko deia egin dute.
Arrateko Amaren omenezko jaiak ospatzeko antolatu duen egitaraua aurkeztu du Udalak
2025/09/03 17:39
eta kitto!

Arrateko Ama Birjinaren omenezko jaiak ospatzeko Udalak antolatu dituen ekitaldiak aurkeztu dituzte gaur Jon Iraola alkateak, Andoni Zabala Kultura zinegotziak eta Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak. Azaldu dutenez, irailaren 7tik 14ra bitartean, adin guztietarako ekitaldiak egingo dira zelaian. Horretarako Udalak egitarau zabala diseinatu du, musika, dantza, gastronomia eta herri-kirolak erlijio-tradizioekin uztartuz.
Ospakizunak irailaren 7an (domeka) hasiko dira, Arrate bezperan. Eguerdian meza eta Salbea izango dira Santutegian, eta jarraian botako duten txupinazoak eta kanpai-errepikak iragarriko dute jaien hasiera ofiziala. 12:30ean, berriz, herri-kirolak hasiko dira, zelaian. Hodei Ezpeleta, Alex Txikon, Ernesto Ezpeleta “Bihurri” eta Goizeder Beltza aizkolariak arituko dira bertan, nor baino nor. Horrekin batera, Enara eta Aratz haurrek  erakustaldia egingo dute. Eta arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Zelaian jai elektronikoa hartuko du Olabeko zelaiak. 
Urtero bezala, …eta kitto Euskara Elkartearen eskutik Arrateetako Bertso Afaria egingo da, 21:00etan Tiro Pitxon jatetxean. Maider Arregi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia bertsolariak arituko dira, eta gai-jartzailea Jon Mikel Mujika izango da. Eta Arrate bezpera agurtzeko, 22:30etik aurrera kontzertuak izango dira protagonista zelaian:  Jaixak Herrixak Herrixandako jai-batzordearen eskutik, Begibide Erromeria, Aiama eta Xiberoots taldeek girotuko dute gaua. Ondoren, irrintzi txapelketa eta DJ Ezker Paletaren saioa egingo dira.
Irailaren 8an, Arrate egunean, Azitainetik Santutegiraino, Ama Birjinaren pausoen bidetik igotzen direnentzat salda, txorizoa eta ardoa banatuko ditu jai-batzordeak Zesteroko iturrian (10:00etan). Ordu berean zabalduko du Kittonbolia …eta kitto! Euskara Elkarteak, eliza parean. 10:30ean, Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du. Hala ere, eguneko ekitaldi nagusia 11:00etan hasiko den Meza Nagusia izango da. Bertan Eibarko Koro Parrokialak abestuko du, eta Kezka Dantza Taldeak eta Usartza Txistulari Bandak Arrateko Ama Birjinaren ezpata-dantza eskeiniko dute, prozesioa hasi baino lehen.
Eguerdian, Arrateko Ama Birjinaren dantzak egingo dira zelaian eta, ondoren, Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eta bertsolarien emanaldiak. Bazkaltzeko orduan atseden pixkat hartu ondoren, arratsaldeko ekitaldiak hasiko dira: bertso-saioa, dantza-solte txapelketa (hamar bikoterekin), eta alkohol-kontsumoa prebenitzeko kanpaina, Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta. Aurten, gainera, berriz jokatuko da Asola Berri Elkarteak antolatzen duen Hiru Txirlo Txapelketa (Arrateko Ama Saria). Eta, egunari agur esateko, berbena egongo da, Zutik taldearen eskutik.
Doako autobus zerbitzua
Gaurko aurkezpenean azpimarratu dutenez, Arrateko jaiak automobila erabili barik ospatzeko moduko autobus zerbitzua egongo da eta, beraz, herritar guztiak oinez edo autobusez igotzeko deia egin du Udalak. Urtero bezala, autobusa doan izango da. Arrate bezperan (irailak 7), Arratera igotzeko autobus-zerbitzua 17:00etan hasiko da eta, 22:00ak arte, 20 minutuoro irtengo da autobusa, Ego-Gainetik. Arratetik jeisteko lehen autobusa (7tik 8rako goizaldean) 01:00ean izango da, eta 08:00ak arte 20 minutuoro egongo da Eibarrera jeisteko autobusa. Eta Arrate egunean (irailak 8) 08:30etik 23:30era, autobusak etenik gabe ibiliko dira gora eta behera, bete-ahala. Toribio Etxebarriatik abiatuko dira.
Kofradia eta Baserritar Jubilatuen Eguna
Ospakizunek irailaren 14an, Kofradia eta Baserritar Jubilatuen Egunean jarraituko dute: Goizean, Simon Aldazabal XXX. lasterketa egingo da, Eibarko Klub Deportibotik hasi eta Arrateraino, Orbeko bidetik. 11:00etan Meza Nagusia ospatuko da, Nerea Elustondo eta Millan Telleria bertsolariekin, eta, jarraian, prozesioa egingo da, Usartza Txistularien Bandak lagunduta. Eguerdian, paella-lehiaketa egingo da, zelaian (izena emateko epea zabalik dago, irailaren 10era arte, udal-webgunean). Aldi berean, frontoian Kaelo memorialaren pilota-partidak jokatuko dira, kadete eta jubenil mailan. Eguerdiko ordu bietan paella-lehiaketako sariak banatuko dira eta, arratsaldean, 17:30ean, idi gazteen erakustadia egingo da, estreinekoz, orain arte egiten ziren idi-proben ordez. Gainera aurten sarrera librea (dohainik) izango da.