Asaari Bibangek 'Humor Negra' bakarrizketa eskainiko du Coliseoan, kulturartekotasuna ardatz

Eibarko Inklusio Mahaiak antolatutako ekitaldian bakarrizketaz gain, Haria eta Berba film laburra proiektatuko da; sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.
Asaari Bibangek 'Humor Negra' bakarrizketa eskainiko du Coliseoan, kulturartekotasuna ardatz
2025/11/19 11:04
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Azaroaren 27an, osteguna, Eibarko Coliseoak umorea, hausnarketa eta kulturartekotasuna uztartuko dituen ekitaldia hartuko du Haria eta Berba proiektuaren baitan. Eibarko Inklusio Mahaiak antolatu du egitasmoa, Eibarko Udalaren, Debegesaren eta Zabalatzen Sarturen laguntzarekin.

18:00etan hasita, Asaari Bibang artista, idazle eta ekintzaile ekuatoguinearrak Umore Beltza bakarrizketa aurkeztuko du. Arrazakeriaren aurkako bakarrizketa afrofeminista honetan, Bibangek umorea baliatzen du emakume, beltz eta migratzaile izatearen inguruko esperientziez hitz egiteko. Ikuskizunaren bitartez topikoak, aurreiritziak eta estereotipoak mahaigaineratu, eta aldi berean, deseraikuntzarako gogoetara gonbidatzen du ikuslea.

Eszenatokian landuko diren gaien artean, besteak beste, salbatzaile zuriaren sindromea, ordezkaritzaren garrantzia, “beltz bakarra” izatearen fenomenoa, bikote arrazializatuen errealitatea edo emakume beltzaren hipersexualizazioa egongo dira.

Bakarrizketarekin batera, Bright Martinsek zuzendutako ‘Haria eta Berba’ film laburra ere proiektatuko da. Laburmetraila honek Eibarko egunerokotasunean dagoen kulturartekotasunari erreparatzen dio, eta auzokide berriek bizitza komunitarioari egiten dioten ekarpena nabarmentzen du.

‘Haria eta Berba’ proiektua, bere osotasunean, Eibarren kulturen arteko harremanak, elkarbizitza eta komunitate kohesioa indartzeko sortu da. Azken hilabeteotan hiru lan-ildo garatu dira: emakume migratu eta arrazializatuei zuzendutako espazio segurua; tokiko biztanle-taldeekin egindako sentsibilizazio-prozesua; eta, amaitzeko, kulturartekotasuna erakusten duen ikus-entzunezko erreportaje baten ekoizpena.

Ekitaldia doakoa izango da eta sarrera librea, aretoa bete arte. Antolatzaileek herritarrei parte hartzera gonbidatu diete, kulturartekotasunaren inguruko hausnarketa eta elkarrizketa partekatzeko aukera paregabea izango delako.