Asier Cuevas, ultra-maratoilaria: “Lortutakoa, maila indibidualean izanda ere, taldelanaren fruitua da”
- Zer moduz doa errekuperazio fasea? Zer egiten duzu egun hauetan?
Erdi errekuperatuta nago, oraindik ere hanketan mina nabaritu arren. Lanera normal-normal joan naiz. Eguenean entrenatzeko asmoa dut, suabe izango bada ere. Beharbada bizikletan ibiliko naiz, gorputza
zeozer mugitu eta errekuperatzeko egokiago eta leunagoa egingo zaidalako. Gorputza barrutik garbitzen joan behar dut.
- Zelan joan zen lasterketa? Ez zitzaizun gogorra egin proba erdia zuk bakarrik egin beharrak?
Eguraldi ona izan genuen, 60. kilometroko txingorra kenduta. Aurreneko 40 kilometroak taldekideekin egin nituen eta, bai, 50.etik aurrera bakarrik egin behar izateak pentsatzeko denbora larregi eman zidan, niretzat lasterketa luzeagoa egin arte.
- Zure markatik urruti geratu zinen: ia ordu laurden, aurretik zuk zenuen denboratik...
Alde batetik, zirkuitoa gogorra zen, hainbat aldapekin, gorantza eta beherantza, eta hori ez da egokiena marka egiteko. Bestalde, zure asmoa proba irabaztea bada, beste modu batera enfokatzen duzu lasterketa: horrelako txapelketa batean aseguratzera jotzen duzu eta buruan kalanbreak eta halakoak saihestea besterik ez duzu.
- Hala ere, lagunen eta ingurukoen animoak ez zitzaizkizun falta, ezta?
Hogei bat lagun joan ginen hemendik, Azpeititik, familiakoak, nirekin entrenatzen ibili direnak eta lagunak tartean. Hori, pozgarria izateaz gain, motibagarria ere bada. Proban bertan Ibon taldekidearen laguntasuna izan nuen, 30. kilometroan laga behar izan bazuen ere.
- Horrelako proba bat prestatzea ez da erraza izango: ezin egunero 100 kilometro egin, ezta? Zenbat denbora behar izaten duzu?
Hogei bat aste. Maratoia prestatzearen antzerakoa da; hori bai, tirada luzeagoekin. Proba honetarako 6-8 bat tirada egingo nituen, bakarra 60 kilometrokoa. Asko egin ditut 40 eta 50 kilometrakoak. Horietako tirada asko domeketarako laga izaten ditut eta, oraingoan, ia guztietan bakarrik jardun behar izan dut, taldekideek kros probak izaten baitzituzten.
- Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak? Zeri helduko diozu gehienbat?
Epe laburrera, atsedena hartzea besterik ez dut nahi. Gero, asmoa bietan -maratoiak eta ultramaratoiak- jarraitzea bada ere, maratoiak bigarren planoan lagako ditut eta ultramaratoiaren munduko txapelketa non jokatuko den zain nago, ea prestatu ahal dudan. Hego Korean zen jokatzekoa, baina han ez da antolatuko... Balite Hegoafrikan izatea: ea hamabost egunetan zeozer dakigun.
- Zenbat galtzen duzu horrelako proba batean? Zelan elikatzen zara?
Ez daukat-eta galtzeko! Kilo bat akaso? Bost kilometrotik bost kilometrora edaten dut eta 2-3 aldiz barrita energetikoak hartzen ditut. Hori bai, barrita bigunak dira, gominola antzerakoak, korrika eginez jatea ere ez delako erraza egiten.
- Zeini edo zeintzuri dedikatzen diezu garaipena?
Inguruan izan ditudan guztiei: hasi familiatik eta lantalde, mekaniko, entrenatzaile eta jarraipen teknikoa egiten didaten guztiekin amaitzeko. Kirol indibiduala bada ere, taldelanak egindakoaren emaitza dira nire lorpenak.