Asier Sarasua: “Bildutako ahozko ondarea denon esku laga nahi izan dugu”

Asier Sarasua: “Bildutako ahozko ondarea denon esku laga nahi izan dugu”
2013/03/15 00:00
eta kitto!

- Nondik nora erabaki duzue jaialdi hau egitea? Data berezirik dago atzean?
Batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu gure lanean lagundu diguten guztiei, modu batean edo bestean proiektuaren partaide izan direnei... Bost urte dira webgunea martxan jarri genuenetik eta hitzarmenetan adostutako fase batekin amaitu dugu. Orain arteko grabaketak helburu izateari laga eta lanketak eta hedapenak hartzen dute garrantzia handiagoa. Orain artekoan jende askok lagundu digu eta horrek merezi du gure esker ona.

- Badihardugutik hasitako proiektua asko hedatu da, ezta? Debagoiena eta Debabarrenetik Euskal Herri oso hartzeraino...
245 herritan egin dugu lan, 4.000tik gora hizlarirekin eta 44.000tik gora pasarte bilduz. Horrez gain, 60 udalekin egin ditugu hitzarmenak eta baita beste hainbat euskara elkartekin. Elkarrizketatuak bilatzeko lanetan, 500 lagunetik gora lagundu dizkigute. Horko lanketaren ondoren, katalogazioa eta ikerketak etorri dira eta, jarraian, gizarteratzearen ordua izan da.

- Horregatik zenioen fase berri batera eman duzuela urratsa? Zelan doa Ahotsak ikasgelan proiektua?
Hasi dugu eta urte eta erdian indartzeko asmoarekin. Orain artekoari errepasoa egin eta beste modu batean ikusteko aukera eskaintzen digu. Hor ikusi behar dugu zelan asmatu umeendako egokien prestatzeko, zelako zailtasunak dituen egokitze horrek... Gizarteratzeko, batez ere.

- Hasieran, baina, tokian tokiko euskara errekuperatzeko ahalegina zen zuena. Denborarekin aldatzen joan da, ezta?
Badiharduguk herritarren hizkera jaso eta ausnartzeko ahaleginetan jarduteko sortu zen, Azkenean, proiektuak %50ean arlo linguistikoari (jaso, erakutsi eta erabilera eman) erantzun dio eta beste %50ean bestelako alderdiei: izan horiek sozio-historikoak, antropologikoak... Corpus horrek hainbat erabilera ahalbidetzen ditu.

- Ahotsak Iparralderaino hedatu da...
Debagoienan hasitakoak Debabarrenan, Urola Kostan, Bizkaian eta Arabako lau herri euskaldunetan izan zuen jarraipena. Gaur egun, Bizkaian eta Iparraldean dihardugu gehienbat, beti ere lehentasunen arabera.

- Eta, proiektu txikia izatetik, arlo horretako erreferente izatera pasatu zarete.
Elkarte txikia zen gurea eta baliabide gutxikoa. Hamar urtetan sendotzen joan gara eta, bai, erreferentzia izatera heldu gara euskalkien bilketan. Batez ere, gure indarra dena Interneten egotean dago: bideoz grabatu dugu dena eta lizentzia libreekin zabaldu dugu, guztion eskura egon dadin. 2003an zehaztutakoa, erabilera errazte aldera, ondo bete dugu.

- Grabazio guzti horietatik zein sentsazio atera duzu? Berandu samar ote gabiltza?
Normala da pentsatzea “hamar urte lehenago egin izan bagenu”; beti dago sentsazio hori. Egia esateko, azken belaunaldi baten desagerpenaren lekuko izan gara. Gizartea guztiz aldatu da gerra izan zenetik hona: une historikoa izan zena urte batzuk barru baloratuko da.

- Zailtasun berezirik izan du lan horrek?
Normala denez, lekuko onak topatzea ez da lan erraza: ezkutuko lan gogorra egin behar izan da. Elkarrizketatzaileak lekukoa eroso sentitzea lortu behar du, kamara ahaztu dezala. Gehienetan, ordu eta erditen bueltako grabazioak izan dira, hortik aurrera nekea ere igartzen baita.

- Elebakar askorekin egin duzue topo?
Elebakar totalak gutxi izan dira, baina bai euskaraz sortu eta bizi izan direnak. Euskaraz eta, gainera, ahoz garatutakoak dira: sinatzetik aparte, gutxi idatzi dutenak.

- Epe laburrerako erronkarik?
Arlo horretan Euskal Herrian lanean dihardugun eragile guztiak elkartzea komeniko litzateke eta bide bateratua egitea, bildutakoak bere funtzioa bete dezan.

Gaur 18.30etan hasita Elgetako Espaloian:
- Sarrera eta ongietorria, Mikel Laskurainen eskutik
- Ahotsak 10 urte (bideo erakusgarria)
- Ahotsak.com proiektua: Zergatik eta zertarako hau guztiau? Hainbat ikuskizun, Onintza Enbeita eta MP5 musika-taldearekin.
- Webgune berriaren eta “Komunitatea" atalaren aurkezpena. Laguntzaile guztiei eskertza. Sari-emanaldia.
- MP5 taldearen kontzertua (20.30etan)