Aspace sortu zela 50 urte pasatu direla ospatzeko jaia egingo da zapatuan
Aspaceren 50. urteurrena ospatzeko jaia egingo da apirilaren 5ean (zapatua) Errebal Plazan. Asteburu honetako ekitaldia herritarrentzako elkargunea izatea nahi dute, eta ikuskizunak, musika eta merienda egingo dira, besteak beste.
Aste honetan aurkeztu dute jaia Eibarko Udalean, eta bertan egon dira Jon Iraola alkatea, Rosa Iglesias Aspace Gipuzkoako presidentea, eta bi haurren amak diren Nagore eta Pilar. Azaldu dutenez, kalejira batek emango dio hasiera ekitaldiari, 17:00etan. Untzagatik irten eta Errebaleraino joango dira, trikitilariekin eta Algaraklown taldeko pailazoekin batera. Jaia Errebal Plazan izango da: 18:00etatik aurrera, Algaraklown taldekoen eskutik jolasak eta animazioak egingo dira, baita Simon Ezquiagaren emanaldia eta Alain Zulaika ilusionistaren ikuskizun bat ere. Ospakizuna Fredy eta Hugo DJek girotutako disko-festarekin amaituko da, eta Azitaingo sukaldaritza-eskolarekin elkarlanean antolatutako merienda bat ere egongo da.