Zabaldu dute Eibarko Liburu eta Disko Azoka

Azaroaren 13tik 22ra egongo da zabalik, Untzaga plazan. Hamabost postu izango dira, eta idazleekin topaketak, sinadura saioak eta «Gerrako literatura: 1936-2026» erakusketa antolatu dituzte.
Zabaldu dute Eibarko Liburu eta Disko Azoka
2026/11/13 13:23
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Liburu eta Disko Azoka gaur zabaldu dute Untzaga plazan, eta hilaren 22ra arte egongo da bertan. Hamabost liburu-denda eta argitaletxeren postuak izango dira aurten, eta, liburuak erosteko aukeraz gain, hainbat jarduera antolatu dituzte: idazleekin topaketak, sinadura saioak eta «Gerrako literatura: 1936-2026» erakusketa, besteak beste.

Euskadiko Liburu Ganbarak antolatu du azoka. Hamar egunez, irakurleek argitalpen berriak ezagutzeko eta idazleengana gerturatzeko aukera izango dute. Javier Sagastiberri, Haizea Lopez Liss, Aritza Bergara eta Elena Fernandez izango dira azokan, topaketetan eta sinadura saioetan parte hartzen.

Aurtengo erakusketak Gerra Zibilarekin lotutako literatura izango du ardatz. «Gerrako literatura: 1936-2026» izenburupean, 1936ko gerrari buruzko lanak bilduko dituzte, garai hura literaturaren bidez ezagutzeko.

Eibarko Udal Liburutegiko arduradun Eva Alberdik azpimarratu du azoka horiek irakurleak, idazleak, liburu-dendak eta argitaletxeak elkartzeko guneak direla. Haren esanetan, irakurketa herritarrengana hurbiltzeko eta literatur sorkuntzari lekua egiteko aukera ematen dute. Liburutegiaren lana, gainera, liburuak mailegatzetik harago doala azaldu du: urtean zehar irakurketa klubak, idazleekin topaketak eta haurrentzako zein familientzako jarduerak antolatzen dituzte.

Liburutegiak urtarriletik urrira bitartean 85.616 bisita izan ditu, eta 28.800 liburu eta multimedia-material inguru mailegatu ditu. Alberdik emandako datuen arabera, aurten 417 bazkide berri ere egin dituzte.

Azoka egunero egongo da zabalik, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:30era.