Eibarko EH Bilduk dio San Kristobaleko mugikortasuna hobetzeko bere proposamena gauzatuko duela Udalak
EH Bilduk adierazi du Eibarko Udalak San Kristobalgo aldapan egingo dituen mugikortasun-aldaketak Mugikortasun Jasangarriaren Planaren (PMJP) lanketan aurkeztu zuen proposamen baten ondorio direla. Koalizioak positibotzat jo du udal gobernuak neurri hori martxan jartzea.
Alderdiaren arabera, San Kristobalgo aldapako espaloiak ez ditu irisgarritasun-baldintza egokiak betetzen, eta horregatik proposatu zuen oinezkoei lehentasuna emango zien antolaketa ezartzea. EH Bilduren esanetan, aldaketak mugikortasun urriko pertsonen, haur txikiak dituzten familien eta oinezko guztien joan-etorria erraztuko du, segurtasuna ere hobetuz.
Koalizioak nabarmendu du pozgarria dela oposizioak egindako proposamenak udalaren jarduketetan islatzea. Bere ustez, horrek erakusten du ekarpen eraikitzaileek udal-proiektuak aberastu eta herritarren beharrei hobeto erantzuten lagun dezaketela.
Era berean, EH Bilduk eskatu du PMJPrako aurkeztu zituen gainerako proposamenak ere kontuan hartzea. Besteak beste, Udalbusa industrialde guztietara zabaltzea, Gautxori edo Taxibus zerbitzuak urrunen dauden auzoetara hedatzea eta Debabarreneko Mankomunitatearen egoitza lekuz aldatzea aztertzea proposatu du, hiriguneko kamioi-zirkulazioa murrizteko.