Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuko dute domekan Trikun

Arratsaldeko 19:30ean Euskal Selekzioaren aldeko argazkia eta topa egingo dituzte, Munduko Kopako finalaren aurretik.
Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuko dute domekan Trikun
2026/07/17 10:40
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Gizonezkoen Munduko Kopako finala jokatuko dute domeka honetan, uztailaren 19an, Espainiako eta Argentinako selekzioek. Hori dela eta, pantaila erraldoiak jarriko dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan partida jarraitzeko; tartean, Eibarren ere.

Testuinguru horretan, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko ekitaldia egingo dute Eibarren. Deialdia arratsaldeko 19:30erako egin dute Triku tabernan, eta bertan Euskal Selekzioaren aldeko argazkia eta topa egingo dituzte. Antolatzaileek "Euskal Selekzioa. Inposatutako selekziorik ez" lelopean egin dute deialdia, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.

Euskal Herriko hainbat herritan ere mobilizazioak

Eibarkoa ez da izango domekarako antolatu duten mobilizazio bakarra. Gasteizen, Donostian, Arrasaten, Lekeition eta Mungian ere elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Azken asteotan ere hainbat ekimen egin dira helburu berarekin. Besteak beste, Zazpi Baietz, Gu Ere Bai eta Gure Eskuk deituta giza kate bat egin zuten Bidasoa ibaiaren bi ertzak lotuz, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna, euskal nazioaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.