Asteburuan hasiko dira sanmigelak ospatzen Agiñagan
Agiñaga auzokoek, urtero lez, San Migel jaiak ospatuko dituzte: zapatuan, San Migel bezpera dela gogoratzeko, kanpai-iraulketa egingo dute ermitan. Eta domekan, San Migel egunean, 11.00etako mezarekin hasiko dira ospakizunak. Meza amaitu eta gero, piskolabisa hartu eta 12.30etatik aurrera Gorriti eta bere animaliekin ederto pasatzeko aukera edukiko dute han inguruan batutakoek. Usartza txistulari bandakoekin batera paella-jana eginda agurtuko dute jaia, baina hurrengo asteburuan jarraituko dute ospakizunekin, urriaren 5erako antolatu dituztenekin. Arratsaldeko 17.00etatik aurrera briska txapelketa, umeendako jolasak, txokolate jana, afaria eta Kupela taldearen erromeria egingo dituzte Agiñagan. Asteburu honetarako egitaraua jarraian daukazue:
Zapatua 28, San Migel bezpera
18.00.- Kanpai-iraulketa. Aginagako ermitan.
Domeka 29, San Migel eguna
11.00.- San Migel eguneko meza nagusia.
12.30.- Piskolabisa eta Gorritiren abereak.
14.30.- Paella-jana, Usartza txistulari bandarekin.