Astelena frontoiak bi pilota partida hartuko ditu asteburu honetan

Deporreko pilotariek Gipuzkoako Binakako Txapelketako bi neurketa jokatuko dituzte etxean, eta beste sei partida izango dituzte kanpoan
Astelena frontoiak bi pilota partida hartuko ditu asteburu honetan
2026/10/08 12:22
Ekhi Belar Errasti

Astelenak pilota partidak jasoko ditu berriz asteburuan, Eibarko Klub Deportiboko pilotariek bi partida jokatuko baitituzte etxean. Bihar, urriak 9, 19:00etan, Amillategi eta Gil bikote jubenilak arituko dira Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketan. Eibartarrek Lasarteko Elola eta Lacarraren aurka jokatuko dute.

Igandean, berriz, 11:15ean, Aguirresarobe eta Ibarra seniorrek izango dute txanda. Etxeko bikoteak Ataungo Izaguirre eta Loidi izango ditu aurkari, Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketako beste norgehiagoka batean.

Etxetik kanpo ere hainbat partida izango dituzte Deporreko pilotariek. Paleta goma modalitatean, Soriak eta Guineak Andoainen jokatuko dute asteazkenean, Guisasolak eta Lombrañanek Hernanin ostiralean, eta Ferreirok eta Urainek Zarautzen, ostiralean.

Eskuzko modalitatean, ostiralean Segurola eta Gisasola seniorrek Zarautzen jokatuko dute, eta Amuategik eta Landak Donostian. Igande goizean, azkenik, Narvaiza eta Conde senior bikoteak Zumarragan jokatuko du Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketako partida.