‘Asteroideiak’ proiektua: herritarrak euskarazko zientzia-dibulgaziora hurbiltzeko tresna
Graduko ikasketetan, hasieran, Medikuntzaren bidea hartzekotan egon bazen ere, azkenean Fisikaren alde egin zuen Patxi Eguiguren gazte eibartarrak. Astrofisikarekin maitemindu zen graduan, baina Euskal Herrian ikasketa horiekin jarraitzerik ez zuela ikusita, kanpora jo zuen. Gaur egun, berriz, Eibarren bizi bada ere, badaki ez dela erraza bere espezialitatearekin loturiko lanpostua topatzea: “Zeru oso garbiak behar dira, eta hemen ez dugu horrelakorik”, azaldu du.
Ofizioa afizio ere izanik, euskara eta zientzia batzen dituen proiektu batean dabil lanean: ‘Asteroideiak’ zientzia-dibulgazioa euskaraz egitea xede duen proiektuan, hain zuzen. Hamar kidek osatzen dute proiektua, eta izen bereko webgunean astronomia, fisika eta hainbat arlotako artikuluak argitaratzen dituzte.
Hasieratik gogotsu jardun du Eguigurenek proiektuarekiko: “Zientzia ulertzen dugunon eta gainerako herritarren artean lotura bat egiteko modu bat da dibulgazioa. Zientziarekin loturiko gai zailak modu errazean azaltzea oso interesgarria iruditzen zait”.
Astrofisikariak azaldu digunez, proiektua sortzea bi kideri otu zitzaien. “Haien lan munduan erabiltzen zen hizkuntza nagusia ingelesa zela ikusi zuten, batez ere artikuluak irakurtzerako edo idazterako orduan. Eta ingelesa ez denean, lankideen artean gaztelerara jotzen da” dio Eguigurenek.
Atari digitalean ere argi azaltzen dute euren beharra: “Proiektu honen parte garenon ehuneko handi batek, ez denok, ingelesez eta hizkera zientifikoa baliatuz komunikatu behar dugu beti gure lan esparruetan. Horretarako nahiko arrazoi badaude ere, komunikazio formalak ez du tokirik uzten libre idazteko; ez dago metaforarik, analogiarik, hiperbolerik… Espresio literario edo poetiko oro zehaztasunaren izenean alboratzen da. Eta, noizbehinka, askatasun literario pixka bat faltan botatzen dugu”.
Izena eta lehen urratsak
“Pare bat asteko ideia zaparradan sortu genuen izena”, dio irribarrez. "Astero artikulu bat idazteko asmoa genuenez, `astero ideia bat´ kontzeptua asteroide hitzarekin lotu genuen, eta hortik jaio zen izena". Izenarekin batera, bileretan beste hainbat puntu erabaki behar izan zituzten. ”Hasiera ez zen erraza izan. Bazeuden egin nahi genituen puntu asko: wegbune bat sortu nahi genuen, Instagram kontua ere bai, artikuluen zailtasun maila, teknizismo maila… Gauza asko izan behar genituen kontuan”.
Hasierako helburua astero artikululu bat plazaratzea zen, baina denborak erakutsi zien beti ezin dela: “Hasieran bete genuen, baina zaila egiten zaigu. Izan ere, guk lan hau afizioz egiten dugu. Partaide bakoitzak bere lana du eta, beraz, gure lanetik kanpo sortzen ditugu artikuluak. Gainera, taldekide bakoitza munduko txoko batean bizi da. Uda aurretik lortu genuen astero artikulu bat argitaratzea. Baina gero, denbora kontua dela-eta, iruditu zitzaigun bi astetik behin ateratzea hobe zela guretzat. Gainera, kalitatezko artikuluak atera nahi genituen”.
Taldeko hamar kideak arduratzen dira idazketa eta zuzenketa lanez: “Bi hilabetetik behin tokatzen zaigu artikulua egitea. Testuak astebete lehenago partekatzen ditugu, zuzenketak egiteko, bai euskarari dagokionez, bai teknizismoari da gokionez ere”.
Eguigurenek ezagutarazi duenez, artikuluen gaiak bakoitzaren espezialitatearen araberakoak dira: “Azken finean denok gatoz fisika, matematika edo ingeniaritza alorretatik. Bakoitzak bere espezialitatea du eta gaiak horren inguruan doaz. Niri astronomia interesatzen bazait astronomiaz idatziko dut, beste batzuek fisika teorikoaren inguruan, edo erlatibitatearen teoriaren inguruan, edota biofisikaren inguruan idatziko dute”.
Zientzia-dibulgazioa euskaraz egin beharraren inguruan galdetuta, Eguigurenek argi dio aletxo bat ematea beharrezkoa dela: “Badaude Elhuyar edo Aranzadi bezalako erreferenteak, baina guk gure ikuspegia eta gure intereseko gaiak jorratu nahi genituen, gure kabuz”. Modu berean, Eguigurenentzat garrantzitsua da gazteek herriko erreferenteak edukitzea: “Ni eibartarra naiz, eta beste gazte eibartar batek ikusiko balu gaztea den norbait euskaraz dibulgazio zientifikoa egiten, agian, zientziara hurbilduko litzateke, eta gainera, euskaraz. Horrek balio handia du”.
Jasotako feedback-a orokorrean positiboa izan da, baina kritikak ere jaso dituzte: “Egia da guk ez dugula inoiz dibulgatu eta ikasten gaude. Testuak oso luzeak edo oso teknikoak direla esan izan digute. Horrek hausnarketara eraman gaitu eta dibulgazio estiloa lantzen ari gara”. Bestetik, webgunearekin loturik, migrazio fasean daudela jakinarazi digu: “Azken asteotan albisteen bitartez konturatu gara Wix plataformak Israeleko armadarekin lotura duela. Kasualitatez, guk plataforma hori erabili dugu webgunea sortzeko. Orduan, momentu honetan migrazio prozesuan gaude, uste dugulako garrantzitsua dela plataforma horri inolako babesik ez ematea. Beste alternatiba batzuk bilatzen gabiltza orain”.
Etorkizunaz
Proiektua “anbizio handirik gabe” jaio zela dio Eguigurenek. Afizioz eta grinez: “Guk nahi dugulako egiten dugu, zientziarekiko sekulako afizioa dugulako, eta nahi dugunaren inguruan idazteko gogoa dugulako. Gainera, gure lanekin uztartzea erronka dela ikusita, beste salto bat ematea zaila izan daiteke. Beraz, gure asmoa (oraingoz) artikuluak idazten jarraitzea eta beste zientzialariak gure plataformara gonbidatzea da”.
Gazteak zientziara gerturatzeren beharra azpimarratu du Eguigurenek: “Nik uste dut zientzia gauzak ulertzeko eta zalantzan jartzeko modu oso polita dela. Zientziak pentsatzeko modu bat ematen dizu. Ez zientzia arloan bakarrik, egunerokotasunean ere bai. Pixka bat arrazionala izateko eta kritikotasun maila bat izateko. Gazteak zientziara gerturatzera animatuko nituzke. Uste dut zientzia geroz eta presenteago dagoen une honetan, ezinbestekoa dela gazteek (oso formatuta dauden gazteak) euren alea ematea gizarteari”.
Eta eibartarrei, azken mezua: “Asteroideiak.eus irakurtzera gonbidatuko nituzke, zientzia ahal den neurrian bultzatzeko. Eta noski, euskaraz baldin bada, askoz ere hobeto”.