IMANOL ARIAS: “Eibarren antzezteak nolabaiteko kilimak sortzen dizkit, baina gozamenagatik”

Antzerki Jardunaldien hasierako solasaldian parte hartzeaz gain, Ermuko aktoreak 'Mejor no decirlo' antzezlana eskainiko du hilaren 10ean eta 11n, Coliseo antzokian.
IMANOL ARIAS: “Eibarren antzezteak nolabaiteko kilimak sortzen dizkit, baina gozamenagatik”
2026/02/05 14:30
Ekhi Belar Errasti

Etxean aritzea bezalakorik ez dago. Eroso, ezagutzen duzun kodeekin, aurpegi ezagunez inguratuta, bero. Sentsazio horrekin irtengo da Coliseoko eszenatoki gainera Imanol Arias otsailaren 10ean eta 11n ‘Mejor no decirlo’ antzezlana eskaintzera. Etxean, ermuarra izanik, Unibertsitate Laboralean eman zituelako lehen pausuak antzerkiaren munduan, Narruzko Zezen taldearekin eta hori, goia ukitu arren, ez delako ahazten.

Antzeztu baino lehen, hilaren 9an, 19:00, Irene Hernando aktore eibartarrarekin solasaldia izango du ‘La casa’ izenburupean, XLIX. Antzerki Jardunaldiei hasiera emanez. Izan ere, mundu osoan zehar mila proiektu arrakastatsutan ibili arren, beti itzultzen da etxera.

 

Eibarrera itzultzen zara antzerkiarekin, dena hasi zen tokira. Nola gogoratzen duzu antzerkigintzan lehen pausuak eman zituen Imanol hura?

Antzerkiarekin zoratuta negoen, ia-ia gaixorik. Oso gazte hasi nintzen antzezten Cosme Cortazar aktore eta artista handiarekin, baina Unibertsitate Laboralean trebatzeko aukerak antzerkian aritzeko lehen tresnak eman zizkidan. Juan Ortegaren irakaspenak oso zentzudunak izan ziren, horretarako talentu handia dauka. Asko lagundu zidan ondoren Madrilen aurkitu nuenari aurre egiteko. Oso lasai iritsi nintzen Madrilera, jakinda edozein oztopo ez zela gaindiezina izango. Hau da, inoiz ez nuela amore emango nahi nuena izateko: aktorea. Ez nuen bestelako espektatibarik, beraz, gauzak ia konturatu gabe iritsi zitzaizkidan. Dena nahiko ondo irten zen, Madrilera joan zen jende askori gertatu zitzaion bezala toki eta momentu egokian iritsiz gero. Gauzak egiten hasi nintzen, hortik beste batzuk irten ziren eta horrela igaro dira 50 urte. Orduan, Eibarrera iristea, batez ere etxera etortzea izaten da beti. Gabonetan ere egon nintzen bertan, buelta bat eman nuen, pare bat ardo hartu eta etxean sentitu nintzen. Bertan antzezteak nolabaiteko kilimak sortzen dizkit, baina ez urduritasunagatik, baizik eta bertan egotearen gozamenarengatik.

Zergatik erabaki zenuen Madrilera joatea? Nola gogoratzen duzu erabakia hartzeko une hori?

Unibertsitate Laboralean nengoen lehen urtearen amaieran edo bigarrenaren hasieran, ez dut ondo gogoratzen, antzerki jardunaldiak antolatzen zituztenez, antzerki-taldeak etortzen ziren. Talde independenteak izaten ziren (Tavano, Teatro de La Rivera, Els Joglars...) eta niri tokatzen zitzaidan harrera egitea. Gero, Juan Ortegak elkarte gastronomiko batera eramaten zituen afaltzera eta eurekin joaten nintzen. Behin, Strindbergen ‘Acreedores’ lana eskaini zuten, Juan Diego protagonista zelarik, eta nik egin nion harrera. Narruzko Zezen taldearekin Sari Nazionala irabazi berri genuen eta, Juan Diegori hori esan nionean, eszena bat egiteko eskatu zidan. Egin nion eta gauean elkartera joan ginen afaltzera. Juan Diego handia zen, maisua, eta oso hurbila izan zen nirekin. Berba asko egiten zuen eta afari horretan esan zidan: “Eta egin duzun kaka horrekin irabazi duzu Sari Nazionala? Orain zerbait zarela usteko duzu, ezta?”, eta nik, “ez, ez”. Kontua da berandura arte geratu ginela afaltzen Eibarren eta ez nuenez Ermura itzultzeko modurik, berak eraman zidala autoan etxera.

Ez da txofer makala!

Ongarain bizi nintzen eta berak: “Hemen bizi zara? Ondo, hasiera ona da”. Nirekin etxera igo zen, oso berandu zenez gurasoak kezkatu ez zitezen. Etiketa beltzeko Johnny Walker botila bat ikusi zuen (aita marinela zen eta bidaietatik ekarritako altxorrak zituen gordeta) eta nire inguruan gehiago jakiteko demaseko gogoa sortu zitzaion. Berbetan hasi ginen eta aita esnatu zen. Nola harritu zen egongelan Juan Diego ikustean! Sasoi hartan ezaguna zen dagoeneko, baina aitak zera esan zion: “Arraioa, Juan Diego, ia Johnny Walker botila osoa edan didazu!”. Aitak konfiantzarik nik aktore bidea har nezan, beldurra zuen, zalantza asko zegoelako horren inguruan. Ezin banintzen delineatzailea izan (oso txarra nintzelako), behintzat ‘Denborak eta Metodoak’ delakoa egitea nahi zuen. Gutxienez amantal zuri bat janztea, hori zen bere ametsa. Orduan, nire etorkizunari buruz berbetan hasi zen Juan Diegorekin eta honek Madrilera joateko esan zidan. “Azkenean Manu Madrilera joango da. Buruan hori sartzen bazaio, egingo du”, esan zuen. “Eta zuk lagunduko diozu?”, nire aitak, eta Juan Diegok ezetz: “Nik ez diot inori laguntzen. Madrilera badoa eta deitzen badit, kasu egingo diot, baina hori ez da laguntzea”.

Eta deitu zenion?

Ez, inoiz. Madrilera joan nintzenean antzerki-eskolan hasi nintzen eta figurazio paperak egiten hasi nintzen Zarzuelan Jose Tamayorekin, eta honek Juan Diegorekin ‘La vida es sueño’ antzezlana egin zuenean, berarekin bi esaldi elkartrukatzen zituen pertsonaia egiteko aukeratu ninduen Tamayok. Orduan elkartu nintzen berriz Juan Diegorekin eta zera esan zidan: “Arraioa, nolako potroak dituzun. Tamayori nire laguna zarela esan diozu?”. Eta nik: “Ez, ez diot ezer esan, Juan”. Eta berak: “Hortik zehar ez esan nire laguna zarenik, oraindik nire laguna egin behar zara”. (Isilunea) Hil baino hilabete batzuk lehenago esan zidan ezin zuela ‘El coronel no tiene quien le escriba’ antzeztu. “Ez esan gaizki nagoenik, ez nagoelako gaizki, baina ezin dut”, esan zidan, eta ea ordezkatuko nuen. Orduan itzuli nintzen antzerkira.

Beraz, Juan Diegok demaseko eragina izan du zure ibilbidean, ezta?

Mariana Galiana, Juan Echanove eta ni neu Juan Diegorengandik hurbil geunden eta ‘Circuitos Diego’ esaten ziguten, inoiz Juan Diegorekin gurutzatu eta bizitza aldatu zigulako.

Orain ia mundu guztiak ezagutzen du zure ibilbidea, demaseko arrakasta lortu duzu, baina hasierak beti daude zalantzaz beteak. Nola kudeatu zenuen egoera hura?

Zortea ez da bakarrik toki eta une egokian egotea, baizik eta zugan naturalak diren bi elementu ez askatzea: bata, ziurgabetasuna ez jasatea da; eta bestea, onena zarela pentsatzea. Ziurgabetasuna ez da bakarrik telefonoak ez jotzea, izan daiteke baita ere ez jakitea zer gertatuko den edo ez jakitea zer geratuko den egiten zaren horretatik. Izan ere, gu aktoreak gara baina zuzendariak hor daude eta zuk egindakoa norbaiten esku lagatzen duzu, egin duzun horrekin zer gertatuko den jakin barik eta, gainera, zerbait gehitzeko gogoarekin. Sasoi batean, bi pelikula baino gehiago egitea arriskutsua zen, eta gogoratzen dut behin lau egin nituela eta Victoria Abrilek bost. “Tira, Frantziara joango naiz, bostetik hiru oso eskasak izango direlako, bestea hala-nolakoa eta bakarra ondo irteten bada... Baina ez bada irteten?”, esan zidan. Bigarren elementuari dagokionez, ez nire inguruan ez nire barrenean ez dut entzun onena naizenik. Beraz, hegan pasatu zitzaidan prozesu hura. Gainera, 80. hamarkada hasieran iritsi nintzen Madrilera, Francok urte gutxi zeramatzan hilda, kontzeptu aldaketa egon zen, eskolan irakasleria guztia aldatzeko greba egin genuen, ikastaroak ekarri genituen (Atahualpa del Cioppo, Hector Alterio eta Jose Luis Gomez, besteak beste)... Nire bizitzaren parte hori bizitza partikularrarekin konpentsatzen saiatu naiz, asko ez sufritzeko, luzea eta bizia izan delako.

Proiektu ezagun eta esanguratsuetan hartu duzu parte, eta Eibarrera ‘Mejor no decirlo’ antzezlanarekin zatoz. Zer esan dezakezu lan horren inguruan?

‘Mejor no decirlo’ Frantziako dramaturgiaren estetikarekin egiten du bat. Elkarrizketan eta pertsonaien konfrontazioan oinarritzen da, baina ez lehiatik abiatuta, baizik eta ikuspuntuetatik. Zentzu horretan, oso testu zentzuduna da. Salome Lelouchen proposamen honetan, bi pertsona nagusiren arteko harremana ikusten da, non beti berba egiteko beharra duten. Orduan, etengabeko berba egite horretan, gauza batzuetaz konturatzen eta arduratzen dira: gauzak nola esaten diren, berba egin bano lehen pentsatu egin behar dela, jendeak sentituko duen horren ondorioak onartu behar direla eta esaten duzun horretatik jendeak agian beste zerbait ulertuko duela (batzuetan gure barrenetik egiten dugu berba eta uste dugu jendeak gauzak guk ulertzen dugun moduan ulertzen dituela, baina agian ez). Elkar maite duten pertsona bi horien arteko harremana kontatzen da antzezlanean eta ordu eta laurdenean 34 barre-algara izango dira. Inork ez du estropezu egingo, ez da ezer erortzen, ez da ezer zikintzen, inork ez du zentzugabekeriarik esango, ezta madarikaziorik ere... Gauzen inguruan egingo dute berba, besterik ez. Salomek oso muntaia dinamikoa prestatu du, oso zehatza, eta asko gozatzen dugu antzezterakoan. Oso zorrotza da baita ere. Ez ditugu gauzak hala moduz botatzen, ahotik irteten zaizkizu eta publikoa eszenatokira dator jasotzera. Diziplina handia eskatzen du horrek. Izan ere, jendea barrez ikusten duzunean, tentatuta sentitzen zara barre gehiago eragitera, baina prestatutakoa antzezteko euste ariketa egin behar duzu.

Maria Barranco eta Imanol Arias.

Bi egunez jarraian arituko zarete Eibarren. Hain antzezlan zorrotza izanik, hainbeste eskatzen dizuena, aktoreak nola moldatzen zarete?

Antzerkia dirudienaren kontrakoa izatean oinarritzen da. Antzerkian, perfekziotik gertuen egoteko gakoa ez da inprobisazioa, baizik eta diziplina eta errepikapena. Prestatzeko zeremonia egunero errepikatzen duzu eta asmo berdinarekin irteten zara beti, baina antzezlana bizirik dago, publikoaren entzutean oinarritzen delako. Antzerkia egitea gauzarik dibertigarrienetakoa da, asko gustatzen zait. Gainera, bidaiatu egiten duzu, ikusleekin kontaktu bisuala izaten duzu... Azken 20 hilabeteetan, Buenos Airesen 100.000 ikusle izan ditugu eta ikusle guztiak ikusi ditut. Badakit zein adin zuten, nola janzten ziren, nola erantzuten zuten abortuaren gaiaren aurrean, sabel-subrogazioaren gaiaren aurrean...

Buenos Airesen egon zaretela esan duzu eta orain hemen inguruan zabiltzate. Publiko ezberdina izateak zuengan eragiten du?

Antzerkian gauza bat eduki behar da kontuan: entzute ezberdinak. Maria Barranco Malagakoa da eta Malagan egon ginenean berak zehaztu zuen hango publikoak nola entzutea duen. Aurretik Granadan egon ginen eta hango jendeak beste entzute bat zuen. Malagan, Granadan edo hemen publikoak ez du berdin entzuten. Granadakoek beste musika bat dute hitz egiterakoan eta horrek eragin egiten die entzuteko orduan. Beraz, hiri batera iritsi eta prestakuntzan ez bagara argi ibiltzen, 4-5 minututan igartzen dugu jendeak nolako entzutea diharduen izaten. Hau da, ea eszenatokira etortzea gustatzen zaion guri ahotik eroritako esaldiak jasotzera, edo eszenatokiaren muturrean laga behar dizkiegun eurengana hurbiltzeko.