Ateak zabalik oporrak bakean pasatzeko

Haur errefuxiatu sahararrak udan hartzeko kanpaina martxan jarri dute
Ateak zabalik oporrak bakean pasatzeko
2024/03/08 15:30
eta kitto!

Udan 300 haur sahararri harrera egiteko familien bila dabiltza. Hori da aurtengo Oporrak Bakean egitasmoak duen helburua, eta horregatik abiatu zuen kanpaina joan den astean ‘Uda bateko besarkada’ goiburuarekin. Eibar-Sahara elkarteak bat egin du ekimenarekin eta herrian ere ari dira familiak lortu nahian. Horietako bat da Irune eta Luka Aranak eta Alex Gomezek osatzen dutena, Brahim gaztea hartuko baitute etxean.

 

Orain dela hiru urte iritsi zen Brahim lehen aldiz Irune eta Alexen etxera. Irunek Internet bitartez izan zuen Oporrak Bakean programaren berri eta, gaia etxean aurretik aipatu izan zutenez, pixka bat ikertu eta Edurne Uzkudun Eibar-Sahara elkarteko arduradunarekin harremanetan jarri zen. “Kafea hartu genuen, programa nolakoa zen azaldu zidan eta egunean bertan erabaki genuen aurrera egingo genuela”, azaldu digu.

Erabakia bizkor hartu zuen bikoteak, eta hortik aurrera erraztasun guztiak jarri zizkieten udan haur sahararra hartzeko. “Bete beharreko paperak zeintzuk ziren eta non lortu ahal genituen argi eta garbi azaldu ziguten. Dena murtxikatuta eman ziguten. Paperak bete eta lortu beharreko dokumentazioa eskuratu besterik ez genuen egin behar izan”, aipatu digu Irunek.

Udan haur errefuxiatu sahararra hartzeko hiru baldintza besterik ez dira bete behar: bizilekua, ohea eta mahaian plater bat edukitzea. Baldintza sinpleak dira. “Egia da, bestalde, haurra lehen aldiz hartzen duten familiekin bilera egiten dutela, zer aurkituko dugun eta esperientzia nolakoa izan daitekeen jakiteko”, argitu digu Irunek. “Gure bilerara Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen arduraduna etorri zen eta zenbait gako eman zizkigun: otoitz egiteko ardurarekin etortzen direla, eskailera mekanikoekin eta argitasunarekin izutu egiten direla, eta abar. Baina alde horretatik ez genuen konplikazio handirik eduki”.

Aurten hirugarren urtez jarraian etorriko da Brahim Irune, Alex eta Lukaren etxera uda pasatzera

Are gehiago, edozein oztopo berehala konpontzen dute. “Hasiera baten, neskato bat etorri behar zen gurera, Minatu, baina esan ziguten azkenean ezin izan zela hegazkinera igo eta, haur batzuk Larrabetzuko aterpetxera eramaten dituztenez, euretako bat hartuko genukeen galdetu ziguten. Guk, zalantzarik gabe, baietz esan genuen, eta Brahim etorri zen”, kontatu digu bikoteak.

Hasieran, “oso urduri” zeuden denak, baina berehala hartu zuten konfiantza. “Motxila barik etorri zen, lehengusu batek hartu omen zuelako nahi barik edo, eta arropa erostera joan ginen. Pintxoa jan genuen, arroparekin emozionatu egin zen eta Eibarrera bueltan lo seko geratu zen, demaseko bidaia egin zuelako hona iristeko”, azaldu digute. “Egun horretan bertan Alexi eskua ematen zion”, dio Irunek.

Bikoteak esan digu oso erraza izan zela egokitzapena eta euren arteko komunikazioa (batak bestearen hizkuntza jakin ez arren), erraza den bezala Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzeko izena ematea. oporrakbakean.eus weborrian aurkitu daiteke informazio gehiago eta Eibar-Sahara elkartearekin harremanetan jarri daiteke Facebookeko orriaren bitartez.

 

Oporrak kanpamenduetatik urrun

Saharako haurrak bi hilabetez etortzen dira Euskal Herrira. “Sanjuanak inguruan datoz eta abuztuaren amaieran joaten dira”, azaldu digu bikoteak. Denbora horretan gure naturaz, ohituraz, kulturaz, hizkuntzaz… gozatzeko aukera ematen zaie. Gainera, beste tokiren batera oporretan joan nahi izanez gero, egin daiteke, beti ere estatuaren barruan egiten bada. “Lehenengo urtean Torreviejara joan ginen eta ez zitzaion gustatu. ‘España no, Pais Vasco’, esaten zuen Brahimek”, kontatu digu Irunek barrez.

Azken neurrian, haurrak basamortuko udako baldintza gogorretatik aldentzea (udan 50 gradu baino gehiagoko tenperaturak, hare ekaitzak…), euren osasuna hobetzea elikadura orekatu baten bitartez, oinarrizko osasun azterketak egitea eta kanpamenduetan antzeman edo tratatu ezin diren gaitzak artatzea, haurrek kultura eta hizkuntza berriak eta beste errealitate bat ezagutzea, Mendebaldeko Sahara eta Herri Sahararraren egoeraren inguruan euskal herritarrak sentsibilizatzea, eta gizarte sahararraren eta euskaldunaren arteko harremanak sustatzea dira helburuak.

 

Harreman estua

Irunek eta Alexek aurten hirugarren urtez jasoko dute Brahim eta bigarren aldia izango da Brahim eta Luka elkarrekin egongo direna. “Brahimek dio Luka bere anaitxoa dela”, esan digu bikoteak. Izan ere, familia eibartarraren eta Brahimen artean oso harreman estua sortu da, baina ez hori bakarrik, baita Brahimen familiarekin ere. “Ia egunero egiten dugu berba eurekin”, esan digu bikoteak.

Oraindik ez dute kanpamenduetara joateko aukerarik izan, baina irrikitan daude. Dena dela, oso gertu sentitzen dituzte eta errefuxiatu sahararrek bizi duten errealitatea oso gertutik ezagutzeko aukera eman die esperientzia honek. “Brahimek bere herriak bizi duen gatazka azaldu digu”, dioskue. Errefuxiatu kanpamenduetan bizi dira, Tindufetik gertu, Algerian, basamortuan, baina oso ondo dakite non dagoen euren herria, nahiz eta euretako asko, Brahim bezala, erbestean jaio eta bizi behar izan den. “Ez nuen ezer ezagutzen Saharako gatazkari buruz eta Brahimi esker jakin dut. Hitz gutxirekin asko esaten dizu”, Alexen berbetan.

300 familia lortu nahi dituzte udan haur errefuxiatu sahararrak hartzeko

Bikote eibartarra oso eskertuta dago esperientzia hau bizitzeko aukera izanagatik. “Umiltasun kolpea eman dit esperientzia honek. Pribilegiatuak garela ikusten duzu. Brahim ekartzeak esnatuarazi egin dit moduren batean”, esan digu Alexek zintzoki.

Hurrengo urtean azkeneko aldiz jaso ahal izango dute Brahim, ekimena 8 eta 12 urte arteko umeentzat delako eta muga gaindituko duelako, baina familia eibartarrak Oporrak Bakean egitasmoarekin bat egiten jarraituko du. “Brahimen arrebaren bat ez bada, beste ume bat hartzeko prest gaude”, berretsi dute.