Atletismo Eskolak sei kros hitzordu izango ditu 2026-2027 denboraldian
Eibarko Klub Deportiboko Atletismo Eskolak prest du 2026-2027 denboraldiko kros egutegia. Guztira, sei hitzordutan parte hartzea aurreikusi du, azaroaren 1ean Lasarten hasi eta urtarrilaren 31n Zumarragan amaituko den egutegian.
Lehen proba azaroaren 1ean izango da, Lasarteko hipodromoan, 70. Donostiako Nazioarteko Krosean. Ondoren, azaroaren 15ean Orioko Eskolarteko Krosa egingo dute, eta azaroaren 29an Oñatiko Krosa izango dute.
Abenduaren 13an, berriz, hitzordu berezia izango dute etxean: Bolunburu Oroigarria, Gipuzkoako Kros Txapelketarekin batera. Arrateko zelaietan egingo da proba, eta kategoria guztietako atletak izango dira bertan.
Urte berriarekin batera, urtarrilaren 17an Elgoibarko Juan Muguerza Nazioarteko Krosean parte hartuko dute, Mintxetan. Azken hitzordua, berriz, urtarrilaren 31n izango da, Zumarragako Eskolarteko Krosean.
Parte-hartze libre
Atletismo Eskolaren arabera, krosa denboraldiko parte garrantzitsua da, gazteei erresistentzia, ahalegina eta erritmoaren kontrola lantzeko aukera ematen baitie, baita ibilbide eta eguraldi desberdinetara egokitzeko ere. Parte hartzea librea izango da, baina klubak Arrateko krosean parte hartzea eskatu du.
Kros bakoitza baino 15 egun lehenago irekiko da izena emateko zerrenda, eta epea aurreko igandean itxiko da, 24:00etan. Izen-emateak entrenatzaileek egingo dituzte aplikazioaren bidez, eta ez da epez kanpoko izen-ematerik onartuko.