Hartzaren Urratsak ibilbidearen azken etapa egiteko izen ematea zabalik dago
Deporreko Mendi Batzordeak Oñatitik Antzuolara egingo duen zeharkaldian parte hartzeko deia egin die mendizaleei. Hartzaren Urratsak ibilbidearen seigarren eta azken etapa izango da eta 17,2 kilometro izango ditu, 885 metroko desnibel positiboarekin. Goizeko 08:00etan abiatuko dira Oñatitik eta itzulera 17:00ak ingururako aurreikusi dute.
Ibilbidean zehar, marka zuri eta gorriak jarraituz, Arranoaitz (899 metro) eta Arrola (904 metro) tontorretatik igaroko dira. Ondoren, Deskarga aldera egingo dute, sigi-sagan doan bidetik, eta errepidea gurutzatu ostean Mekolaldetik Zumarragara zihoan trenbide zaharraren ibilbidea hartuko dute. Azken zatian, Antzuolako tren geltokia zegoen tokitik PR bidea hartuko dute herrira jaisteko; nahi duenak errepidetik jaisteko aukera ere izango du.
Irteeran parte hartzeko prezioa 15 eurokoa da Deporreko bazkideentzat eta 20 eurokoa bazkide ez direnentzat. Izen-ematea mendia@deporeibar.com helbidera idatzita egin daiteke, edo klubaren bulegoan, astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 20:00etara. Telefonoz ere eman daiteke izena, 943 20 19 04 zenbakira deituta, ordutegi berean.


