[ATZERA BEGIRA] Kerik Gabeko Herriak ekimenarekin bat egin du Eibarrek
Tabakismoak eragiten dituen kalte eta arriskuen inguruan herritarrak sentsibilizatzeko panelak ipini dituzte Eibarko hainbat aisialdi-guneetan. Horrela, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen partaidetza duen Kerik Gabeko Herriak, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimenera batu da Eibar. Azaldu dutenez, “ingurumena hobetzea eta erretzaileak ez diren pertsonak, batez ere adingabeak” babestea da helburua eta, proiektu hau garatzeko, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkartearen Eibarko batzarraren laguntza dute.
Proiektua ezagutarazteko eta herritarrak partaide bihurtzeko asmoz, bihar (barixakua, irailak 30) sentsibilizazio-ekintzak egingo dira Errebal Plazan (euria egiten badu, udaletxeko arkupeetan), 17:00etatik 20:00etara: “Minbiziaren Aurka Gipuzkoan-eko boluntarioek eta langileek hainbat ekintza garatuko dituzte tabako kerik gabeko guneen garrantziaz hausnartzeko. Proiektu parte-hartzailea izatea nahi da eta herritarren hausnarketa bilatzen du. Horregatik, elkarteak parkean jarriko duen karpara hurbiltzera eta iritzia ematera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Baita biztanleria guztiarentzat egingo diren hausnarketa eta sentsibilizazio-ekintzetan parte hartzera ere: mural kooperatibo baten sorrera, eskulan-tailerrak…”.