[ATZERA BEGIRA] Uler-saioak metodologia Debabarrena Integra programan: helburua, euskara ahalik eta azkarren ulertzea
Orain dela urtebe argitaratutako albistea
DEBABARRENA INTEGRA-BAT EGINEZ programak 16. edizioa bete du aurten. Bazterketa sozialean erortzeko arriskua duten pertsonekin lan egiten duen egitasmoa da, Armeria Eskolako Elkarteak (AEE) gestionatuta eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta. Helburua pertsona horien gizarteratzea erraztea eta lan-mundura bideratzea da. Fabrikazio mekanikoaren arloan hezitzen dituzte, eta aurten berrikuntza bat sartu dute: euskarazko uler-saioak. Aitor Puy Arrieta Udal Euskaltegiko irakasleak gidatzen ditu euskarazko eskola horiek eta erabiltzen duten metodologia berritzailea gertutik ezagutu nahi izan dugu.
Armeria Eskolaren parean, Isasi kalean kokatuta dagoen EPAren eraikinean harrapatu dugu Aitor Puy Udal Euskaltegiko irakaslea euskarazko klaseak ematen. Azken asteotan 60 ordu inguru eman ditu Debabarrena Integra-Bat Eginez programako ikasleekin. Erabiltzen duen metodologia Pello Jauregi EHUko irakasle eta ikerlariak garatu du, eta Soziolinguistika Klusterrak argitaratu, Aldahitz ikerketa proiektuaren barruan.
Ulermenera bideratutako metodologia da. Helburua da ikasleek euskara ahalik eta azkarren ulertzea. Irakasleak oso modu errazean hitz egin behar du, ikasleek ia dena ulertzeko moduan. Ikasleek hitz gutxi eta forma gutxi ezagutzen dituztenez, irakasleak ere hitz horiekin hitz egin behar du. Horrez gain, irakasleak etengabe egiaztatu behar du ikasleek ulertu dutela esandakoa.
Aitor Puy irakaslea pozik azaldu da esperientzia berriarekin. “Zazpi ikasle inguru izan ditut eta astean bi aldiz jardun dugu. Ikasleak gustura ibili dira. Pello Jauregik sustatutako metodologia berria da eta esperimentazio fasean dago. 60 ordu emanez, ikasleak A1-A2 mailako ulermen-gaitasuna lortzea da helburua. Oraindik ikusteko dago emaitza horiek lortuko ditugun edo ez. Gipuzkoa mailan zortzi euskaltegi inguru ari gara metodologia hori probatzen. Hasieran proba bat egin genien euren ulermen maila neurtzeko eta orain, amaieran, beste bat egingo diegu, metodologiaren eraginkortasuna neurtzeko ”.
Ez dute lantzen mintzamenik, irakurmenik, gramatikarik eta halakorik. Erdara ere erabiltzen dute ikasleek irakasleak esandakoa ulertu duten ala ez adierazteko. Irakasleak beti euskaraz egiten du, eta ikasleak ahal badu bai, baina bestela gazteleraz.
Klase dinamikoak
Aitorrek istorioak eta egunkarietako berriak kontatzen dizkie ikasleei. Askotan arbelean idazten ditu eta gero banan-banan galdetzen die ulertu duten ala ez. Azken boladan bideoak ikusten hasi dira. “Ikasleek euskaraz edo erdaraz erantzun dezakete, helburua ulertzea baita, eta ez hitz egitea”, dio Aitorrek.
Klaseak oso dinamikoak dira. Ariketa desberdinak daude eta Aitor etengabe ari da eurei galdezka: “Ez daukate aspertzeko astirik, arreta mantendu egin behar dute eta pixkanaka hizkuntzak nola funtzionatzen duen jabetzen dira”, azaldu digu.
Gizarte integrazioa helburu
Amaia Valdivielso Armeria Eskolako Elkarteak kudeatzen duen Debabarrena Integra-Bat Eginez programako formakuntza-arduraduna da. Berak azaldu digunez, "gizarteratzeko eta laneratzeko programa da, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden langabetuentzat. 16 urte beteta izatea derrigorrezkoa da eta Debabarrena eskualdean bizitzea".
Debabarrena Integra-Bat Eginez programa bi fasetan banatuta dago. Lehenengoan gaztelera eta matematika saioak eskaintzen dira EPAn (186 ordu), eta aurten, esperientzia piloto bezala, euskarazko uler-saioekin hasi dira (60 ordu). Bigarren fasea Armeria Eskolan izaten da eta hor lehenengo mailako profesionaltasun agiri bat egiten dute: Fabrikazio Mekanikoko Eragiketa Osagarriak (400 ordu + gutxienez 40 orduko praktikak). "Normalean matematika eta hizkuntza maila baxua izaten dute eta oso garrantzitsua da arlo horiek erreforzatzea bigarren fasera pasa aurretik", dio Amaiak. Fabrikazio Mekanikoko ziurtagiria Lanbidek finantzatzen du.
Amaia Valdivielso Debabarrena Integra-Bat Eginez programako formakuntza-arduraduna.
Praktikak enpresetan eta emaitza positiboak
Maiatzean amaituko dute parte teorikoa eta, ondoren, praktikak egingo dituzte enpresa batean. Horrez gain, hurrengo ikasturtean bigarren mailako ziurtagiri bat lortzeko aukera izango dute; izan ere, "askok nahi izaten dute formakuntzarekin jarraitu", esan digu programako formakuntza-arduradunak.
Programaren 16. edizioa da aurtengoa, eta hainbat eta hainbat ikasle laneratzen ari direla ondorioztatu du Amaia Valdivielsok. Lan-munduan sartzeko daukaten arazoa da askok ez dutela lanerako baimena izaten, "baina kasu batzuetan baimen hori lortu ahal izan dute enpresak aurrekontratu moduko bat egin dielako eta, egia esan, oso emaitza positiboak izaten ari gara", dio Valdivielsok.
Euskarazko ulermen-saio arrakastatsuak
Euskal Herriko hainbat lekutan esperimentatzen ari diren euskarazko ulermen-saioak izan dira aurtengo berrikuntza Debabarrena Integra-Bat Eginez programaren baitan. "Uste dut eukarazko ulermen-saioen emaitzak oso onak izango direla. Oso metodologia dinamikoa da eta jendea oso gustura egon dela ikusi dugu. Eibarko Udalarekin elkarlanean jarri dugu martxan eta datorren edizioari begira errepikatu egingo dugula uste dut", dio Amaiak. ■