Aurreikusitako aldaketak: PSEren porrota eta gehiengo abertzale nabarmena #U21 #eibar
Krisialdi ekonomikoa eta independentzia izan dira ETAren jarduera armaturik eta legez kanpo geratzeko mehatxurik gabe azken hilebetean jokatu den hauteskunde kanpainaren ardatz nagusiak. Esango nuke orokorrean soseguz eta lasai joan dela kanpaina, baina ez dugula ikusi alderdietako hautagaien proposamen zehatzegirik.
Parte-hartzea ia %66koa izan da, hau da, hirutik bik eman dute bozka. Emaitzak ez dituzte inoiz denen gogoa betetzen, baina errealitate konplexu baten irudia irten da, gurea den bezalakoa. Hala ere, errealitate hori gehiengo abertzale batek osatzen duela adierazi dute hautesleek gaurko bozketan.
EAJ izan da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako irabazlea, 27 eserlekurekin, eta EH Bildu bigarrena, 21ekin. PSE-EEk jaso du hauteskunde hauetako jipoi handiena.
Horren ondorioz, neurri handi batean inkestek aurreikusten zituzten aldaketa egon da. Aurreikusita zegoen bezala, alderdi abertzaleen nagusitasuna azaldu du herritarren bozkak eta laster osatuko den Legebiltzarrak gehiengo abertzale hori isladatuko du. Ehunekoetan %64 lortu du EAJ eta EH Bilduren batuketak, eta gehiengo hori bai Araban (%52), zein batez ere Gipuzkoan (%72) edo Bizkaian (%68) ematen da.
Eibarren ere indar abertzaleen aldeko botoek %61arekin gehiengoa lortu dute. Aspaldiko partez, EAJ izan da irabazlea Eibarren, bigarrena PSE-EE eta EH Bildu hirugarrena. Hirurak ere nahiko gertu boto kopuruari dagokionez: 4.250 EAJk, 3.954 PSE-EEk eta 3.839 Bilduk.
Hurrengo egunetan alderdien aritmetikak eta akordioek erabakiko dute Eusko Legebiltzarra osatu ondoren, Jaurlaritza berria nolakoa izango den; jakina, ia ziurtzat eman daiteke Iñigo Urkullu izango dela hurrengo lehendakaria.
Testuinguru ekonomiko zailean hartuko du Gobernuaren ardura eta lidergoa, eta azken urteteetan ohizkoa den bezala gauzak aurrera ateratzeko politika lana egin eta akordioak lortu beharko ditu, ez bakarrik gainean dugun krisialdi ekonomikoari erantzuteko; epe luzera begira gatazka politikoa gainditzeko irtenbideak ere proposatu beharko ditu.