Aurrekontuari 34 zuzenketa partzial eta osoko beste bat aurkeztu dizkio Bilduk

Aurrekontuari 34 zuzenketa partzial eta osoko beste bat aurkeztu dizkio Bilduk
2012/01/27 00:00
eta kitto!

Eibarko Bilduk gaur eguerdian eskainitako prentsaurrekoan, egun gutxi barru udalbatzan onartzeko bozkatuko den udal aurrekontuaren proposamenari 34 zuzenketa partzial eta osoko beste bat aurkeztu diotela azaldu dute. Igor Aldalur ordezkariaren berbetan, "batez ere udal zerbitzuen externalizazioan eta alderdi politikoen egiturari eusteko gastuetan, arlo bi horietan dirua aurrezteko proposamenak aurkeztu ditugu, horietatik aurreztutako dirua herritarrei eskainitako zerbitzuak eta eibartarren bizitza-kalitatea hobetzera bideratutako beste proposamen batzuekin batera". Bildukoek proposatutako zuzenketei jarraituta, eta aurrekontuetan jasota dauden partidetako batzuk murriztuta "987.105 euro aurreztea" posible dela diote. Hala ere, gaur bertan PSE-EE alderdiko ordezkari batekin bilera izan dute eta "atsekabetuta" irten direla azaldu dute Bilduko ordezkariek: "Zuzenketa guztiak banan-banan atzera bota ditu eta ordu laurdenean amaitu dugu bilera".
Jarraian, aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa oso-osorik irakurtzeko aukera daukazue:


2012ko aurrekontu proiektuari OSOKO ZUZENKETA

2012rako Eibarko udaletxeko udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen aurreproiektua aztertu ondoren, Bilduko udal taldeak aurrekontu hauei osotasunezko zuzenketa bat aurkezten dio.

Diru publikoa ahalik eta zorroztasun handienarekin kudeatu behar dela ulertu  izan dugu beti, baina gaur egun bizi dugun krisiaren aurrean, zentsuz jokatu eta behar gehien duten pertsonengan pentsatu behar dela uste dugu.

Aurrekontuan, kezka handia sortzen diguten hainbat esparru azpimarratzekotan gizarte zerbitzuak, euskara, berdintasuna, etorkinak, kirolak eta ingurumena izango lirateke.

Azkenik aipatu inbertsioen mailan, ospitalea eraikitzeko orubearen erosketak guztiz baldintzatu duela atal hau. Gure iritziz orube honen balorazioa ez zen egokia izan eta beraz ezta ordaindu dugun prezioa ere.

Hauek izango lirateke, osoko zuzenketa hau aurkezteko arrazoiak:

1.- Kargu publikoak, asignazioak eta dietak: Gaur egun udal gobernuak 8 pertsona dauzka udaletxeko dirutik kobratzen, 7 zinegotzi eta alkatearen idazkaria. Gure iritziz argi dago udal kudeaketa aurrera eramateko behar beharrezkoa dela hainbat pertsona udalerako lanean aritzea, baina kopurua neurriz gabekoa iruditzen zaigu. Gure hiriaren tamainako beste herri batzuetan udal gobernuko liberatu kopurua 3-4 pertsonakoa da eta  Eibarko udala ere kopuru horretara jaitsi beharko litzatekeela uste dugu. Oposizioan gauden udal taldeen artean egiten den liberatu kopuruaren banaketarekin ere ez gatoz bat. Ez zaigu bidezkoa iruditzen 6 zinegotzi dituen gure udal taldeak eta 4 eta 2 zinegotzi dituzten PNV eta PP udal taldeek liberatu kopuru bera izatea. Gainera, legegintzaldiaren hasieran, gure liberazioa bi zatitan egiteko proposamena jarri genuen mahai gainean eta arrazoi politikoak direla medio baztertua izan da, beraz, %75ko liberazioa hartzera behartuak izan gara. Liberatu kopuruaz gain, liberatuek kobratzen dituzten soldatak ere murriztu beharko genituzkeela uste dugu. Nahiz eta EUDEL-eko mailetatik behera egon eta udaleko langile batzuk gehiago irabazi, bai alkate bai zinegotzien soldatetan murrizketak egitea behar beharrezkoa ikusten dugu.
Batzordeetara joateagatik ordaintzen diren dieten inguruan ere hausnarketa bat egin beharko litzatekeela uste dugu. Gaur egun, batzorde bateko bilera batera joateagatik 313 euro ordaintzea gehiegi iruditzen zaigu, nahiz eta tope bat dagoela ongi dakigun. Gure proposamena ez litzateke dieta hauek kentzea, 50-60 eurora murriztea baizik. Dieta hauek, beste erakunde publiko batean liberatuta dauden pertsonek ez kobratzea ere proposatzen dugu. Goi karguen dieten inguruan ere gure kezka azaldu nahiko genuke, nahiz eta bere baitan kopurua handia ez izan, aurreko gastu guztiari gehitzen bazaio.Talde politikoei egiten zaizkigun asignazioetan ere murrizketak egitea ezinbestekotzat jotzen dugu. Alderdi politikook ezin dugu herritarrek ordaindutako zergekin gure egiturak indartu. Gure iritziz jokaera hau salagarria da eta jarrera aldaketa bat eskatuko genioke udal gobernuari.Protokolo eta publizitaterako, partida desberdinetan, bideratzen den diru kopurua ere murriztu daitekeela uste dugu. Ez dugu partida desagertzea planteatzen, gastuak ongi aztertu eta doikuntzaren aldeko apustua egitea baizik.
Federación Española de Municipios y Provincias erakunde publikoari ematen zaion aportazioa ere desagertzea proposatuko dugu. Gure iritziz, gure herriari erabakitze eskubidea ukatzen dion estatu bateko erakunde publikoari dirua ematea ez dator bat bizi ditugun garai berri hauekin.
Azkenik aipatu nahiko genuke, parte hartzeari dagokion partida desagertu egin dela 2012ko aurrekontutik. Gure iritziz, parte hartze prozesuak egitea demokrazia ulertzeko era berri eta zabalagoaren oinarrietako bat dira, beraz murrizketa honekin ez gatoz bat.

2.- Hainbat udal zerbitzuren publifikazioa eta udal langileen lan baldintzak hobetzea: Gaur egun kanpoko enpresei eskatzen zaizkien hainbat lan, udaletxe barruko langileek egin ditzaketela uste dugu eta helburu hau bultzatu nahian, hainbat partidetan murrizketak egitea bidezkoa ikusten dugu. Era berean, udaleko langileen lan baldintzak hobetzearen aldeko apustu egin nahiko genuke.
Murriztea proposatzen dugun partiden artean, idazkaritza nagusiko asistentzia juridikoa eta azpiegitura lanetan ikerketak azpimarratu nahiko genituzke, hirigintzako lanekin batera. Gure iritziz udaletxe barruan pertsonal kualifikatu nahikoa dago lan hauek bere gain hartzeko eta gai honen azterketa sakon bat egitea proposatu nahiko genioke udal gobernuari.
Hausnarketa bereizia beharko luke eskailera mekaniko eta igogailuen mantenduak. Gaur egun ordaintzen den dirutza, urtean urtean gora doa eta etorkizun hurbil batean udal gobernuak neurririk hartu ezean, aurrekontuaren zati handi bat atal honetan xahutuko dugu.
Udaleko langileen lan baldintzak hobetzeko hainbat neurri proposatuko ditugu. Aurrekontu honi begira, soldaten inguruan KPIaren igoera proposatzen dugu. Banaketa progresiboagoa ziurtatzearren eta gure erakundean dauden soldaten alde nabariak urri daitezen, igoera honen %50a eskala ezberdinen artean proportzionalki  eta gainontzekoa linealki banatzea proposatzen dugu.

3.- Gizarte zerbitzuak: bizitzen ari garen krisi ekonomikoa larriki egurtzen ari da gure hiriko jendartea. Langabeziak gora egin du azken urtean ere eta jada 2000 pertsona inguru daude langabezian. Egoera honen aurrean gizarte zerbitzuetara bideratzen den dirua ez genukeela murriztu behar pentsatzen dugu. Bai Foru Aldundi, bai Eusko Jaularitzatik jasotzen genituen diru sarrerak murriztu direla jakitun, udalaren jarrera iazko aurrekontuan aurreikusi eta urtean zehar egon diren beharrei erantzuteko partidak ez murriztea izan beharko luke gure iritziz.
Arlo honetan 2012an emango diren aldaketak gure aurrekontuan aurreikustea behar beharrezkotzat jotzen dugu. Foru Aldundiaren asmoa urte honetan zehar San Andres egoitzaren eskumena bere gain hartzea da. Era berean, etxez etxeko laguntza udalaren eskumena izatera pasako litzateke..
Zentro gerontologikoko arduradunek adierazi digutenez, zentroan berrikuntzak egiteko beharra dago plaza kopurua handitu nahi bada. Behar hau asetzeko aurrekontuan partida baten beharra ikusten dugu. Nagusien bizi baldintza hobetzeko beste proposamen batzuk ere gehitu nahiko genizkioke udal gobernuaren proposamenari. Hauen artean bakarrik bizi diren eta gizarte zerbitzuen gidaritzapean ez dauden nagusientzat suteak ekiditeko sistema bat ezartzeko eta hauen behar izanen diagnostiko zehatz bat egiteko partida bat aurreikustea proposatzen dugu.
Gizarteratze programetan ere partida handitzearen aldekoak izango ginateke. Arlo honetan ere beharrek ez dute beheranzko joerarik hartzen eta esparru garrantzitsua iruditzen zaigu gizarte zerbitzuen alorrean. Gizarte lankidetzarako proiektuei dagokienez, Bilduren irizpidea da aurrekontuaren %1 izatea. Gu krisia pairatzen ari gara baina era berean txirotutako herrialdeak ere oso egoera larrian daude eta beraiei ematen zaien laguntza ez murriztea proposatzen dugu. Arlo honetan, hondamendi naturaletarako ematen den diruaren zati bat Txakur Unitateari ematea proposatzen dugu.
Azkenik aipatu GLL(AES)-etan ere, nahiz eta dirulaguntza murriztu, gure ustez lehengo urteko kopurua mantendu beharko litzatekeela.

4.- Euskara: Bilduren proposamena atal honi aurrekontuaren %2 bideratzea da. Igoera hau euskararen erabilera bultzatzen duten erakundeei ematen zaien diru laguntzetan izan beharko lukeela uste dugu. Igoera osoa aurtengo aurrekontuan islatu beharrean, urtero partida igotzea izango litzateke gure proposamena.
Kezka handiz ikusten ari gara, HABEtik jasotzen ari garen dirulaguntza murriztuz doan heinean udal euskaltegia euskara alorreko aurrekontua jaten ari dela erabilera bultzatzen duten beste elkarte batzuen kaltetan. Gure hizkuntzaren alde lanean diharduten Eta Kitto!, AEK, Bertso eskola, etab. moduko elkarteek ,  herrian egiten duten lana txalotzeko modukoa da eta dirulaguntza murriztu beharrean, igotzea proposatzen dugu.

5.- Berdintasuna: Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, arlo guztietan, lortzera bidean, lan asko dago egiteko. Udal gobernuak arlo hau lantzeko batzorde bat martxan jarri berri du, hala ere, aurrekontuan iazko gastu berdinak planteatzen dira.
Gure iritziz berdintasun alorrean, sentsibilizazio ekimen desberdinak garatzeko partida handiago bat egon beharko litzateke.


6.- Inmigrazioa: jasotzen ari garen azken datuen arabera, etorri berrien kopurua handitzen ari da azken urteotan. Egoera berri honi aurre egiteko inmigrazio plan berria martxan jartzea ezinbestekoa ikusten dugu, batez ere etorri berriei gure herrian integratzeko bitartekoak jarriz eta era berean hemengoak, etorri berrien egoeraz sentsibilizatzeko.

7.- Kirolak: arlo honetan, udaletik batez ere bultzatu behar litzatekeen politika gazteen artean kirola bultzatzea eta konpetiziotik at osasuna bilatzen duen kirola bultzatzea izan beharko lukeela uste dugu.
Gure iritziz Eibar Eskubaloi taldeari emango zaion partida hiru urtetan banatu beharko litzateke eta  hitzarmenen bidez herriko kirol elkarteekin dauzkagun harremanak sendotu.
Mendizaletasunari lotuta, Kalamuako parlamentua deritzon zonaldea Eibarko udalak eros dezan proposamena egiten dugu.

8.- Ingurumena eta landa garapena: arlo honetan eman diren murrizketak oso latzak iruditzen zaizkigu eta gure ingurune naturalak eta baserritarrek zerbait gehiago merezi dutela uste dugu.
Landa ingurunearen garapena bultzatzeko bidean, nekazaritza ekologikoaren inguruko azoka bat egiteko partida eta gaur egungo merkatu plaza hobetzeko konpromezua aurrekontuan txertatzea proposatzen dugu. Bestalde Eibarko udalak jabetzan dituen landa lurrak oso murritzak direla kontuan hartuta, uholdeak eta suteak ekiditeko egokiak izan daitezkeen lurrak erostea proposatzen dugu, ondoren lur hauen kudeaketan herriko baserritarrak inplikatuz.
Ingurumenari dagokionez, lehenik eta behin, ingurumen teknikari baten premia ikusten dugu, gaur egun, Eibarrren arlo honekin zerikusirik duten  gai guztiak koordinatzeko. Bide publikoen inbentario bat egitea proposatzen dugu, ondoren biderik politenak aukeratu eta ingurumen sentsibilizioa jorratzeko, batez ere haurrekin.

9.- Kultura: atal honetan ere murrizketa larriak egin dira. Aurrekontura begira, Eibarko Klub Deportiboak antolatzen duen Euskal Jaia-ri diru laguntza handitzea eskatzen dugu. Gaur egun udalak 6.000 euro ematen dizkio, gastuak 30.000 euro ingurukoak direnean. Euskara eta euskal kultura bultzatzeko helburuarekin, asteburu honek daukan garrantzia ikusita, partida handitzea proposatzen dugu.

10. Garapen ekonomikoa eta berrikuntza: atal honi garrantzi berezia eman nahiko genioke. Eibar beti izan da hiri industriala eta gure hiria guztiz baldintzatu izan du izaera honek. Gaur egun, Eibarko industria asko beste herri edo hiri batzuetara joaten ari dira eta udalaren jarrera, enpresa hauek herrian mantentzen saiatzea izan beharko luke. Aurrekontuan partida zehatzak eman beharko lirateke enpresen leku aldaketa errazteko.
Arlo ekonomiko 3 sektoreak indartsu mantentzea garrantzitsua da bizi dugun krisi garai hau moduko egoeratatik ongi irteteko. Beraz, aurrekontuaren partidak banatuagoak izan beharko lukete nekazaritza, industria eta merkataritzaren artean.

Arrazoi hauengatik, aurrekontua atzera bota eta berriz ere irizpide berriak kontuan hartuta, berraztertzea proposatzen dugu.

Eibarren, 2012ko urtarrilaren 23an