Aurten 10 urte beteko ditu CodeSyntaxek garatutako Mendiak APPak

Euskara hutsean sekula garatu diren aplikazioen artean deskarga gehien izan dituzten app-en zerrendan dago Euskal Herriko mendien aplikazioa.
Aurten 10 urte beteko ditu CodeSyntaxek garatutako Mendiak APPak
2025/02/25 09:30
eta kitto!

10 urte beteko ditu aurten Eibarko CodeSyntax enpresak garatutako Mendiak APPak. "Hamar urtez bizirautea ere marka ederra da gaur egun Aplikazio batentzat, baina hori baino gehiago lortu dugu 2024an, inoizko erabilera-daturik onenak izan dituelako Euskal Herriko mendien aplikazio honek. Eskerrik asko euskal mendizaleei aplikazioak duen harrera bikainagatik", diote CodeSyntax-etik. Mendiak APPak hasiera-hasieratik izan zuen oso harrera ona eta euskara hutsean sekula garatu diren aplikazioen artean deskarga gehien izan dituzten app-en zerrendan dago (30.000 deskargako muga aspaldi gaindituta).

2016ko udazkenean kaleratu zuen CodeSyntaxek Mendiak APP, Euskal Herriko mendien aplikazioa. Batez ere bi dira aplikazio honen helburuak. Batetik, Euskal Herriko mendien informazio nagusia ematea mendizaleei (mendien zerrendak, mapak, informazioa...). Bestetik, mendizaleei erreminta erraz bat eskaintzea bere mendi-igoera guztiak gordetzeko (zein mendi igo duen, noiz, zenbat aldiz, igoeren argazkiak, estatistika historikoak eta abar).k.

 

Pozik 2024ko datuekin

CodeSyntax-eko ordezkariek diotenez, "2024. urtean zehar 38.200 igoera berri markatu dira Mendiak APPean (30.000 inguru GPS bidez zertifikatutakoak) eta 29.800 argazki gehitu dira gure datu-basera. Aurreko urteekin alderatuta %50eko igoera adierazten du marka berri horrek, 2020az geroztik, batez beste, 25.000 igoera berri gehitzen zirelako urtero". Hamar urte hauetan 60 bertsio-eguneraketa baino gehiago argitaratu dituzte Android zein Apple dendetan. "Seguru asko etengabeko eguneraketa eta hobetze-prozesu horri esker izan da 2024ko arrakasta; lantalde osoak ezin hobeto egindako lanaren emaitza", diote. INFORMAZIO GEHIAGO