Noraka, Guiakom eta Zaintrack, XIV. On Ekin sarien irabazleak
Eguazten honetan, urriak 28, banatu zituzten XIV. On Ekin sariak, Errebal Plazian, Ekingune ekintzaileen arteko lankidetza eta sustapenerako elkarteak antolatutako ekitaldian. Guztira, 11 enpresa-proiektuk aurkeztu zituzten euren proposamenak, eta 60 lagunetik gora batu ziren hitzorduan.
‘Noraka’ proiektuak eskuratu zuen lehen saria, 2.000 eurokoa eta Laboral Kutxak babestutakoa. Richard McElroyk aurkeztutako ekimena Microsoft 365 ingurunean enpresa-prozesu konplexuak antolatu eta automatizatzeko soluzioa da.
Bigarren saria, aurten lehen aldiz banatu duten On Ekin Proiektua izenekoa, ‘Guiakom’ ekimenak jaso zuen. David Merinok aurkeztutako proiektuak 1.500 euroko saria eskuratu zuen, Eibarko Udalaren babesarekin. Kable-sortak iristeko zailak diren kanalizazioetan bideratu eta tiratzeko soluzio patentatua da, bereziki goi-teknologiako industria-inguruneetarako pentsatua.
Publikoaren saria, berriz, ‘Zaintrack’ proiektuak eskuratu zuen, 800 eurokoa. Eder Manuel Taverak aurkeztutako ekimenak egoitzetako eguneroko informazioaren erregistroa eta jarraipena digitalizatzeko sistema eskaintzen du, gaur egun paperean egiten diren prozesuak ordezkatzeko.
Sarien banaketaren aurretik, Digitalentuko Álvaro José Zevallosek «Del folio en blanco, a oportunidades reales de negocio» hitzaldia eskaini zuen. Ondoren, parte-hartzaileek euren proiektuak aurkeztu zituzten, eta eskualdeko eragile ekonomiko eta sozialek osatutako epaimahaiak lehen bi sariak erabaki zituen. Bertaratutakoek, berriz, publikoaren saria aukeratu zuten.
Ekitaldiaren amaieran, parte-hartzaileek eta bertaratutakoek elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko aukera izan zuten, Lusai eta Baratze Gourmet jatetxeek prestatutako pintxoen bueltan.

