Aurtengo Mikologia Jardunaldiak urriaren 5etik 7ra egingo dira

Aranzadiko adituak prest egongo dira nahi duten guztiei edozein galdera edo zalantza erantzuteko
Aurtengo Mikologia Jardunaldiak urriaren 5etik 7ra egingo dira
2024/09/24 10:20
eta kitto!

Eibarko Klub Deportiboko Mendi batzordeak urtero antolatzen dituen Mikologia Jardunaldiak urriko lehen asteburuan egingo dira. Azken urteetako ohiko bidetik, zapatu goizean haurren mendi irteera egingo dute, arratsalde horretan bildutako onddoak sailkatzeko gero Errebal Plazan. Aurten, gainera, izaera irekiagoa eman nahi izan diote saio horri eta Aranzadiko adituak prest egongo dira nahi duten guztiei edozein galdera edo zalantza erantzuteko, dela jangarritasunari buruz, dela beste edozein gairi buruz. Irteera horrek aukera emango die txikienei onddoen mundura hurbiltzeko eta hura babesteko nola jokatu behar den ikasteko. Horretarako, zenbait arau ezartzen dira espezie bakoitzetik jaso daitezkeen aleen kopuruari buruz, nola egin eta nola identifikatu jakiteko.

Hurrengo egunean, domekan, bildutako aleen erakusketa eta txanpien dastaketa uztartuko dira Errebal Plazan burutuko duten ekitaldian. Eta azkenik, astelehenean,  Aranzadi Zientzia Elkartearen hitzaldia izango da Eibarko Klub Deportiboaren egoitzan.