Autonomoentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat dirulaguntza-lerro berria deitu du Udalak

Autonomoentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat dirulaguntza-lerro berria deitu du Udalak
2021/05/11 11:56
eta kitto!
Milioi bat euro bideratuko du Udalak pandemiak eragindako autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko. Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak gaur goizean emandako prentsaurrekoan azaldu dituzte dirulaguntzaren nondik norakoak. Laguntzak 1.500.000 negozio-zifratik beherako zenbateko garbia duten eta COVID-19aren kalteak jasan dituzten autonomoei eta enpresei zuzendutakoak dira.

Dirulaguntza-lerro berria Udalak pandemiaren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko aurten onartutako Talka-Planean jasota dago. Azpimarratu dutenez, xedatutako partida milioi batekoa da, baina behar izanez gero partida handituko litzateke “dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko”.

Laguntza honen onuradunak Eibarren lokala irekita duten pertsona fisiko edo juridikoak, sozietate zibilak eta ondasun-erkidegoak, COVID-19ari  aurre egiteko neurriengatik kaltetutakoak izango dira. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, “deialdi honetan aurrekoen xehetasun batzuk zuzendu ditugu, dirulaguntza behar duten guztiengana iristeko helburuarekin”.

Dirulgauntza Plan berri honetan bi lerro egongo dira. Lehenengoa herriko establezimenduen titularrei aplikatuko zaie (ostalaritza-establezimenduak izan ezik), baldin eta negozio-zifraren zenbateko garbia 1.500.000 eurotik beherakoa bada, eta 2020ko azken hiruhilekoan fakturazioa gutxienez % 25 murriztu bazaie aurreko urteko azken hiruhilekoarekin alderatuta.

Dirulaguntza hau Eibarren dauden eta 2021eko urtarrilaren 1ean (data horretan EJZn alta emanda)  martxan dauden lokalen titularrei emango zaie.

Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da; horietatik 750 euro zenbateko finko gisa emango dira, fakturazioa murrizteagatik, eta gainerako 250 euroak gehitu egingo dira lokala errentan izanez gero.

Bigarren lerroa herriko ostalaritza-establezimenduen titularrei aplikatuko zaie, baldin eta negozio-zifraren zenbateko garbia 1.500.000 eurotik beherakoa bada, eta 2020ko azken hiruhilekoan fakturazioa gutxienez % 25 murriztu bazaie aurreko urteko azken hiruhilekoarekin alderatuta. Era berean, Eibarren  dauden eta 2021eko urtarrilaren 1ean  martxan dauden lokalen titularrei aplikatuko zaie.

Gainera, adierazi behar da laguntza-ildo honetan sartzen direla beste elikagai batzuen handizkako merkataritza, mota guztietako izozkiak, etab., jatetxeko zerbitzuak, kafetegietakoak, kafe eta tabernetako zerbitzuak (janariarekin edo janaririk gabe), jatetxeko zerbitzu bereziak, kafetegia eta kafe-antzokia, eta ostatu-zerbitzuak.

Bigarren lerro honetan emango den zenbateko finkoa 1.200 eurokoa izango da eskariko, betiere deialdiaren eskakizun guztiak betez gero. Gainera, deialdia argitaratzen den egunean terrazarik ez edukitzeagatik eta 2021. urte osoan ez jartzeko konpromisoarekin, beste 500 euro emango dira. Eta lokala errentan edukiz gero, beste 500 euro.

Gainera, 2020ko martxoaren 14tik 2021eko ekainaren 30era bitartean beren ostalaritza-establezimenduetan Covid-19ari aurre egiteko ezarritako segurtasun- eta distantzia-neurrietara egokitzeko eta beren jarduerari eustea bermatzeko inbertsioak egin dituzten eskatzaileek inbertsio horien kostuaren % 75eko dirulaguntza jasoko dute, eta gehieneko muga 1.500 eurokoa izango da, betiere baldintza batzuk betetzen badituzte.

Ostalaritzarako dirulaguntza-lerro honetako kontzeptu ezberdinengatiko laguntzak batuta, gehienez ere 3.700 euro eman ahal izango dira establezimendu bakoitzeko.

Enpresa txikientzako, autonomoentzako eta ostalaritzarentzako laguntzak eskatzeko epea gaur (maiatzak 11) ireki da, eta irailaren 30ean amaituko da. Dirulaguntzen eskaerak elektronikoki egingo dira www.eibar.eus udal webgunearen bidez. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.). Gainera, eskabidearekin batera deialdiko oinarrietan —udal webgunean kontsultatu ahalko dira— zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.