“Auzoak Martxan” ekimena abiatu du Udalak, auzoetarako proposamenetan herritarrek parte-hartze zuzena izateko

Herritarren parte-hartzerako sei saio (bat auzo/eremu bakoitzeko) egingo dira urriaren 14tik 29ra.
“Auzoak Martxan” ekimena abiatu du Udalak,  auzoetarako proposamenetan herritarrek parte-hartze zuzena izateko
2026/09/25 13:46
Silbia Hernandez Arrazola

Auzoak Martxan / Bultzatu zure auzoa ekimena abiatuko du Eibarko Udalak urrian. Jon Iraola alkateak eta Vanesa Hortas Gobernu Irekiko zinegotzi ordezkariak gaur goizean egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, ekimenaren bitartez auzoekiko harreman-ereduan beste urrats bat eman nahi duen herritarren parte-hartzea sustatu nahi dute. 
Adierazi dutenez, “helburua da herritarrek beraien inguruko beharrei buruz duten ikuspegia partekatzea, erronka nagusiak identifikatzea, eta hobetzeko proposamen zehatzak elkarrekin lantzea. Ondoren, udal zerbitzu teknikoek proposamen horiek aztertuko dituzte, 2027ko Udal Aurrekontuetan sartu ahal izateko”.

Ekimena garatzeko sei saio parte-hartzaile egingo dira, bat zonalde bakoitzeko (herriko eremuak auzo-bileretan bezala banatu dituzte): Erdigunea-Legarre, Errebal-Jardiñeta, Amaña, Ipurua, Urki eta Urkizu. Esandakoari jarraituz, “bilerek formatu dinamikoa eta elkarlanekoa izango dute, eta Manahmana enpresa espezializatuak antolatu eta dinamizatuko ditu”.

Udalak guztira 420.000 euro bideratuko ditu ekimen honetara, 70.000 euro eremu bakoitzerako,
“parte-hartze prozesutik sortzen diren, eta teknikoki, ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren jarduerak eta proiektuak finantzatzeko”.

Urriaren 14tik 29ra bitartean egingo dira sei saioak: Legarre-erdialdean bizi direnentzat urriaren 14an, 18:30ean, Errebal eraikinean; Errebal-Jardiñetakoentzat urriaren 21ean, 18:30ean, Errebal eraikinean; Amañakoentzat urriaren 22an, 18:00etan, Amañako ikastetxean; Ipuruakoentzat urriaren 27an, 18:00etan, Ipuruako merkatu plaza zaharreko eraikinean; Urkikoentzat urriaren 28an, 18:00etan, Arrateko Andra Mari ikastetxean; eta Urkizukoentzat urriaren 29an, 18:00etan, Urkizuko ikastetxean.

 

Aurretik izena eman beharko da

Aipatutako guneetako bakoitzean bizi diren herritarrek hartu ahalko dute parte, baina aurretik izena eman beharko dute, Udalaren webgunean dagoen FORMULARIOA betez. Plazak mugatuak izango dira. Formularioan bertan, parte-hartzaileek beren eremurako lehentasunezkotzat jotzen dituzten gai interesgarriak adierazi ahal izango dituzte, eta informazio hori kontuan hartuko da saioetako mahaien lana bideratzeko.

Aurreratu dutenez, orain arte bezala, auzoetako bilerak egiten jarraituko dute, baina ekimen berri hau bileren osagarria litzateke: “Herritarren parte-hartzea Udalari arazoak edo eskaerak helaraztetik haratago joatea nahi dugu. Normalean bileretara etortzen ez den jendea, beste perfil bat duten herritarrak etortzea nahiko genuke, beraien auzoetarako ideia eta proposamenak partekatzeko”.
Alkatearen berbetan, “auzoetan bizi eta bertan mugitzen direnen ezagutza ezinbestekoa da Eibar hobetzen jarraitzeko, eta ezagutza hori modu egituratu batean txertatu nahi dugu udal jarduerak definitzeko prozesuan”.

Vanesa Hortasek esan duenez, “egingo diren saio hauek lanerako eta elkar-sorkuntzarako espazioak izatea nahi dugu, parte hartzen duten pertsonek aukera izan dezaten beste ikuspegi batzuk entzuteko, eztabaidatzeko eta lehentasunak ezartzeko”.

Ekimena aurkezteko agerraldian argitu dutenez, “bilkuretan jasotako ekarpenek ez dute automatikoki ekarriko proposamenak gauzatzea. Parte-hartze prozesua amaitutakoan, lehenetsitako proposamenak dagozkien udal zerbitzu teknikoetara eramango dira, haien bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta juridikoa aztertzeko”. Eta azterketa hori egin ondoren, bideragarriak diren proposamenak herritarrek ikusi eta online bozkatzeko moduan ipiniko ditu Udalak.