Auzoetatik Untzagara: Eibarko Korrika Egunak herria batuko du

Goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute martxoaren 28rako, auzoetako jarduerak, herri bazkaria eta Untzagako festa giroa uztartuz.
Auzoetatik Untzagara: Eibarko Korrika Egunak herria batuko du
2026/03/11 12:53
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Korrika Eguna aurkeztu dute antolatzaileek, eta martxoaren 28an ospatuko da egun osoko egitarauarekin. Goizetik gauera arteko jarduerak antolatu dituzte, auzoetatik erdigunera, herritar guztiak Korrikaren bueltan biltzeko helburuarekin.

Eguneko hitzordu nagusietako bat Untzagan egingo den herri bazkaria izango da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko 200 tiketik gora saldu dituzte, eta 300 laguneko parte-hartzea lortzeko erronka jarri dute. Bazkarirako txartelak salgai egongo dira eguenean Untzagan, 18:00etatik 20:00etara.

Egitarauaren ardatz nagusia Untzagan kokatuko da, bertan egongo baita Korrika Gunea. Eguerdian irekiko dute txosna (12:00), eta ondoren poteo girotua egingo dute. 14:30ean talde argazkia aterako dute eta jarraian herri bazkaria izango da. Arratsaldean, 18:15ean, KAXAk antolatutako zunbatoia egingo da; 19:00etan Matraka elektrotxarangaren emanaldia; 21:00etan Denok Korrikara ekimena; eta eguna Iratzar erromeriarekin amaituko da, 22:30ean.

Egitaraua, baita auzoz auzo ere

Auzoetan ere jarduerak izango dira. Urkin, 11:00etan Urkiko Korrika egingo dute Kurutzetakuatik abiatuta, eta 11:30ean herri kirolak antolatu dituzte eskolako patioan. Ipuruako merkatu plazan, berriz, goizeko tailerrak egingo dituzte 10:00etatik aurrera, eta 12:30ean Korrika txikia egingo da Argatxan.