Auzokoak elkartekoek Musika Banda eta txistulariak omenduko dituzte sanjuanetan
Urkizu eta inguruko elkarte gastronomikoek osatzen duten Auzokoak elkarteak, urteroko moduan, San Juan jaietan omenaldia egingo die Cielito Musika Bandari eta Usartza txistulari taldeari, talde bietako kideak San Juan Txiki egunean (ekainaren 25ean) afaltzera gonbidatuta. Aurten Jaiki elkartean afalduko dute eta, amaitzean, talde biek elkarrekin kalejira egingo dute Untzagaraino, bertan jaiak agurtzeko kontzertua emateko.
Bekuak, Denon Sahatsa, Dorrepe, Edozer, Jaiki, Erdi Bana eta Urkusu-Gain elkarteek osatzen dute Auzokoak eta bertako batzordeak antolatzen du afaria, Udalaren laguntzaz. Eurek diotenez, "jaiak egun bereziki gogorrak izaten dira musikarientzat eta afariak elkarrekin egoteko aukera paregabea eskaintzen die banda bietako musikariei eta, bide batez, alkateak taldeen errealitatea ezagutzeko tartea izaten du". Afariarekin bandei Urkizu inguruan egiten duten beharra eskertu nahi diete eta, azaldu dutenez, "Eibarko Bandak laster Urkizun kontzertua emango duen esperantza" daukate elkarteen batzordean, "aspaldi ez baitute halakorik egin". Afaria 20.30ak aldera hasiko da eta kalejira, berriz, 23.00ak aldera. Suzko erroberak amaitu eta jarraian hasiko da kontzertua, aintzinako doinuekin.