Azitainerako ibilaldiak ekingo dio XX. Nagusien Hamabostaldiari
Gaur (barixakua, hilak19) eguerdian Portalean egindako aurkezpenarekin abiatu da Nagusien XX. Hamabostaldia. Programari jarraituta, astelehenean (hilaren 22an) 16.00etan Untzagatik Azitainera bitarteko ibilaldia egingo dute, Juan Luis Mugerzaren oroimenez. Martitzenerako, berriz, Baztanera txangoa prestatu dute (autobusa 08.30etan Ego-Gaineko geltokitik irtengo da). Eguenean, goiz zein arratsaldez jokoak izango dira protagonista: 11.00etan toka, petanka eta igel-toka txapelketak jokatzen hasiko dira Ipuruako bolatokian eta 17.00etan, berriz, mahai-jokoen txapelketari ekingo diote Untzagako jubilatu etxean. Hilaren 26an mendi ibilaldia egingo dute Zumaian (Eibartik Zumaiara trenez joango dira, 11.12etan; izen-ematea hilaren 20ra arte egongo da zabalik jubilatu etxeetan, prezioa 20 eurokoa da). Apirilaren 29an jai giroan emango dute eguna Legarreko frontoian. Herri bazkaria (masail gisatua) eta dantzaldia antolatu dituzte, besteak beste. Gisatua prestatzeko lehiaketa 11.00etan hasiko da eta bazkaria, berriz, 14.00etan. Izen-emateko epea hilaren 25era arte egongo da zabalik (7 euro, jubilatu etxeetan). Azken ekitaldia hilaren 30ean San Andres egoitzan 16.00etatik aurrera egingo duten txokolate-jana izango da. Biztu Jubilatu eta Pentsionisten Koordinadorak eta Udaleko Gizartekintzak antolatutako hamabostaldiak "Baikortasunaren betaurrekoak jarri itzazu goiburuari jarraituko dio aurten.