Badator 48. Euskal Jaia
Euskal Jaiaren 48. edizioa gerturatzen doa, azken urteotan lez maiatzaren azken asteburuan ospatuko da-eta. Klub Deportiboak eta Kezka Dantza Taldeak herriko hainbat elkarteren laguntzarekin antolatutako programan bada azpimarratu beharreko berritasun nabarmen bat. Izan ere, eta urteroko formatuari eutsiko bazaio ere, oraingoan zapatuko kantu afariak eta domekako herri bazkariak izaera berezia izango dute, aspaldiko partez herriko 13 elkarte gastronomikok parte hartuko dutelako otorduetarako janaria prestatzen. Antolatzaileen berbetan, "ekimen honekin, festaren izate tradizional eta herritarraren aldeko apustua egiteaz gain, prezioak merketu nahi izan ditugu, parte-hartzea jende gehienaren esku egon dadin". Untzagako karpan egingo diren afari eta bazkaria prestatzen lagunduko duten elkarteak Txirixo, Gazte gogor, Ipurua, Jaiki, Karramarroak, Legarre Gain, Umbe, Usobide, Zatixa, Ospelak, Bide Alde, Amaña eta Batuak dira. Bestalde, kantu afari eta bazkarirako txartelak Deportiboan salgai daudela gogorarazi dute (7 eurotan langabe, ikasle eta haurrentzat eta 10 eurotan beste guztientzat). Erosteko azken eguna maiatzaren 19a izango da.