Badator Euskal Jaia!!!
Eibarko Euskal Jaiaren 60. edizioa ospatzen ari gara aurten, urtero moduan Klub Deportiboaren eskutik. Egitaraua aurreko astean hasi bazen ere, bihar, hilak 22, abiatuko da lau egun jarraian Euskal Jaiaren mamia osatuko duen asteburu luzearen programazioa. Egun horretarako ekitaldi bakarra iragarri badute ere, lan bitxia ekarriko digute herrira. “Ombuaren itzala” filmaren proiekzioa eskainiko dute Arrate Kultur Elkartean 18:30etik aurrera. Gainera, auzolanean sortutako lan horretako ekintzaile nagusiena, Patxi Bisquert aktorea, Eibarren izango dugu berriro ere, lanaren aurkezpena egiteko. Eguzki Art Zinemak Pello Mari Otaño bertsolariaren inguruan egindako pelikula da, gaur egun hainbat tokitan proiektatzen hasi direna.
Behin asteburura helduta, barixakuan Kalian Jolasian, Tantanez Tantan ekimena eta gau aldeko kontzertuek (Mugi panderoa eta Mirari eta La Txama-rekin) osatuko dute egun horretako egitaraua.
Zapatuan artisau eta baserritarren azokak, palako finalak, herri-kiroletako eta bertsolarien emankizunak eta txistu- eta trikipoteoak osatuko dute goiza. Arratsaldera iritsita, hortik aurrera dantzaldia, kale-animazioa, kantu afaria eta gau girotua DJ Miren G-rekin izango dira. Gaur da azken eguna kantu afarirako txartelak erosteko.
Domekan, azkenik, Euskal Jaiko kalejira eta dantza-jaialdia izango dira goizez, Euskaraldiko amaiera ekitaldiarekin batera. Eta, herri bazkariaren ondoren, erromeriak eta jarraian egingo den larrain-dantzak osatuko dute egitaraua.