Patxi Bisquert eibartarraren 'Ombuaren itzala' pelikula emango dute etzi Arrate Kultur Elkartean

Euskal Jaiaren egitarauaren barruan antolatu dute emanaldia eta zuzendaria bertan egongo da.
Patxi Bisquert eibartarraren 'Ombuaren itzala' pelikula emango dute etzi Arrate Kultur Elkartean
2025/05/20 12:18
eta kitto!

Eibarko Euskal Jaiaren egitarauaren barruan, etzi (eguena, hilak 22) 18:30ean Patxi Bisquert eibartarrak zuzendu duen Ombuaren itzala pelikularen proiekzioa egingo dute Arrate Kultur Elkartean, eta zuzendaria ere bertan egongo da.
Ombuaren itzala Patxi Bisquert zuzendariak 2024an aurkeztutako dokumentala da. Dokumentalean Pello Mari Otaño (Zizurkil, 1857 - Rosario, 1910) bertsolariaren bizitzan sakondu du Patxi Bisquertek. 2024ko azaroaren 30ean Zizulkilgo elizan aurrestrenatu ondoren, herriz herri ari da hainbat emanaldi eskeintzen. Zinemagintzan batere ohikoa ez den proiektu bat izan da, finantziazioa lortzeko auzolan bat bultzatu baitzen: udalak, kultur-elkarteak, Ikastolen federakuntza, eta hezkuntza publikoko sarea inplikatuz ekoizpenean. Eta, aldi berean, proiektuari herri-atxikimendu zabala lortuz.
Filmaren edukia eta argumentua
Filma 1889 eta 1910 urteen artean kokatzen da, Otañoren urte emankorrenetan. Garai hartan, Otañok Argentinara emigratu zuen familiarekin. Bertan, bertso eta olerki ugari sortu zituen, eta euskal diasporaren artean ezagun egin zen. Ombua, Argentinako panpan hazten den zuhaitza, Otañoren lan ezagunenetako baten inspirazio iturria izan zen, eta erbesteratuaren nostalgiaren sinbolo bilakatu zen.