Tantanez Tantan, euskararen olatua barixakuan helduko da Eibarrera
Eibarko Euskalgintzak bi urtetik behin antolatzen duen Tantanez Tantan ekitaldia barixaku honetan ailegatuko da herrira. Ohikoa den moduan, Urkizuko iturrian beteko da urez gantxilla, 19:00etan, eta eskuz esku giza katean eramango Untzagaraino, euskararen olatua irudikatuz.
"Nik eman, zuk jasotzeko, niri ere eman egin didatelako, guztiona delako, gurea delako. Transmisio-katea gara gu eta horrela eutsi behar diogu euskarari, bete-betea”, diote Euskalgintzako antolatzaileek. 700 lagun beharko dira ibilbide osoa betetzeko eta, beraz, dei egiten diete herritarrei, "arropa urdina eta koadrodun zapia jantzia eta jar zaitezte ibilbideko tarte batean, ozen ohikatu dezagun Eibarren euskaraz bizi nahi dugula". Jai-giroan egingo du ibilbidea gantxillak, Ustekabe txarangak eta Musika Eskolako soinu-joleek lagunduta, eta aurten ere ez dute kalerik egingo Eibar BHIko hankapaloek.
Aurtengo omenduak euskara ikasleak izango dira, gaur egun direnak eta izandakoak, "euskarari egiten dioten ekarpena aitortu eta balioan jarri nahi dugu. Eurek izango dute gantxilla euskaraz betetzeko ardura eta eurak izango dira azkeneko kate-maila Untzagan".