Badator futbol 7-aren festa handia
Azken urteotan fenomeno ikusgarria bihurtu den IPQ Futbol 7 Txapelketa jokatuko da datorren zapatuan, hilaren 14an, Unben. Kuadrilla batek antolatutako torneoa ehundaka lagun biltzen dituen txapelketa bilakatu da, eta aurten ere irudi ahaztezinak lagako dizkigula aurreikusi dezakegu. Taldeak lehiarako prest daude dagoeneko, baina batez ere ondo pasatzeko gogoz.
Unai Arizaga Zuazo IPQ Futbol 7 Txapelketa antolatzen hasi zen kuadrillako kideetako bat da. “2021ean Sanjuanetan kuadrillen arteko jokoak antolatu behar genituen; baina, zezen plazaren egoera zela-eta, ezin izan genuen bertan ezer egin eta beste gauza batzuk egiten saiatu ginen, baina ez ginen akordio batera iritsi. Gutako batek futbol 7-ko torneoa egiteko proposamena bota zuen eta aurrera egin genuen. Lagunak eta inguruko beste batzuk arituko ginela uste genuen, ez genuen pentsatzen gaur egun bilakatu dena izango zenik”, azaldu digu.
Txapelketak demaseko bolumena hartu du eta antolakuntza bera ere erronka handia bilakatu da, baina hasierako kuadrilla berak jarraitzen du den-dena prestatzen. “Lan handia egin beharra dago, baina txapelketaren egunean eibartarron artean dagoen elkartasuna, lehia sanoa, jai giroa eta jendearen ilusioa ikusita, merezi du eta antolatzen jarraitzeko motibatu egiten gaitu. Lana da, baina lagunen artean egiten dugu eta antolatzen ere ondo pasatzen dugu”, diosku Arizagak.
600 lagunetik gora
IPQ Futbol 7 Txapelketaren laugarren edizioa jokatuko da hilaren 14an. Iazko formatuari eutsiko diote eta guztira 40 taldek hartuko dute parte. Hau da, 600 lagunetik gora arituko dira futbolean Unben. “Zazpi talde txapelketatik kanpo laga behar izan ditugu, ez zegoelako guztiontzako tokirik. Denbora kontuagatik da. 09:00etan ematen diogu hasiera torneoari eta 20:00 inguruan amaitzen dugu, gero afaria dugu-eta. Beraz, ezin dugu talde gehiago sartu, ez zigulako dena egiteko denborarik emango”, argitzen digu Arizagak. Egun osoan zehar eten barik jokatuko dira partiduak Unbeko goiko (multzoetako partiduak bakarrik) eta beheko zelaietan, partidu bakoitza zortzi minutuko bi zatitan banatuta.
Txapelketaren formatuari dagokionez, 40 taldeak 8 multzotan banatuko dituzte (maiatzaren 24an Coliseon egin zuten multzoen zozketa) eta multzo bakoitzetik lehen bi taldeak final zortzirenetara sailkatuko dira. Hortik aurrera kanporaketak jokatuko dituzte, final nagusira iritsi arte. “Kanporatutako taldeak Unben geratzen dira beste partiduak ikusten eta demaseko zalaparta sortzen da”, diosku Arizagak. “Futbolean egin ez arren, Unbera datozenak txapelketaren parte izaten saiatzen gara. Horregatik, iaz DJ bat ekarri genuen, taberna jartzen dugu...”, gehitzen du. Gainera, autobusak jarriko dituzte egun osoan zehar Unbera igotzeko aukera eskainiz.
Iazko edizioan emakumezkoen talde bakarra egon zen eta aurten sei egongo dira. “Emakumeen artean ere txapelketa indarra hartzen hasi da”, Arizagaren berbetan.
Lehia sanoa eta jai giroa
Txapelketa izanik, lehia ez da faltako, baina Arizagak dio anaitasun giroa izaten dela nagusi: “Pikea dago, baina sanoa. Aste hauetan, poteoan, talde ezberdinetako jendea hasi da pikatzen eta abar, baina inoiz ez dugu arazorik eduki. Giro sanoa dago. Azken finean, guztiok gara eibartarrak, urte osoan zehar elkar ikusten dugu eta guztiok gara ezagunak”. Gainera, kuadrillen arteko lehia izaten jarraitzea nahi dute, inongo fitxaketarik egin gabe. “Horretarako mugak jartzen ditugu. Kontrolatuta dugu, eibartarrak izanik denak ezagutzen baititugu. Ez dugu futbol txapelketa handi bat izatea nahi, onenek bakarrik jokatzen duten torneo bat, baizik eta eibartarron elkartasuna sustatzen duen txapelketa”, Arizagak dioenez. Sariei dagokienez, txapelketaren irabazleak 700 euro eskuratuko ditu eta azpitxapeldunak 250 euro.
Txapelketatik kanpo, ostera, badira beste sari batzuk ere. “Txapelketa osteko afarian bestelako sariak ematen ditugu: atezain onenari, gol onenari, pertsonaia esanguratsuenari, gaueko MVP-ari... Orain arte pertsona bakarrak irabazi du azken sari hori eta ez errepikatzea nahiko genuke, baina urtero merezi izaten du. Gaueko Messi da”, dio Arizagak. Lehen edizioan sagardotegira joan ziren 4-5 taldetako jokalariak, “40 bat lagun”, eta iaz 360 lagun elkartu ziren sagardotegian. “Aurten Errebal Plazan egingo dugu afaria, 500-600 lagun joango garelako. Gainera, Ustekabek girotuko du gaueko jaiaren hasiera”.
Udalaren eta herriko hainbat eragileren laguntza jaso dute txapelketa antolatzeko, baina rifak ere salgai dituzte: 1. sariak bi lagunentzako bidaia irabaziko du, 2.ak janari-otarra eta 3.ak afaria Arkupe jatetxean.