Badator Korrika 18, eskurik esku euskeria alkarri emonda

Badator Korrika 18, eskurik esku euskeria alkarri emonda
2013/03/15 00:00
eta kitto!

Korrikaren Eibarko ibilbidia Unibertsitate Laboralaren parian hasiko da, Otaola hiribidetik segidu, Ipuruara sartu, handik behera AEK euskaltegixan errebueltia beheruntz hartu eta Untzagaraiño bajatuko dira. Bidebarrietatik Julian Etxeberriara sartu, Toribio Etxebarria pasatu, udaletxe ostetik aurrera egiñ eta Txoko taberna ingururaiño segiduta, handik Calbetón kalera sartuko dira, Bidebarrietatik behera, Karmen kaletik jarraittuta Eibartik urten eta lekukua Soraluzekueri emongo detse.
Aurretik, baiña, girotzen juateko aukeria izango da: 15.15xetan Korrika Txikixa hasiko da Isasiko La Salle ikastetxe paretik eta ibilbidian korrikalarixak gehitzen juango jakoz hasierako taldiari. Arratsaldeko lasterketan, betiko lez, ikastetxietako umiak izango dira protagonistak eta amaiera ekitaldixa Eibarko Bizikleta Plazan egingo dabe. Bestalde, Korrika nagusixari ongi etorrixa egitteko 17.30xetatik aurrera herriko kalietan musikia eskintzen jardungo dabe.

Mezua
Aurtengo Korrikaren goiburuak Eman euskara elkarri diño, "euskeriak euskal herrittarrak alkarrekin bizitzeko hizkuntza izan bihar dalako, alkarri berba egitteko hizkuntza, alkar entzun eta ulertzekua. Dakixanak ikasi nahi dabenari erakutsi, ulertzen dabenak berba egitten dabenari erabiltzeko aukeria emon, agintarixak herrittar guztieri ikasteko bidiak erraztu… Danok dakagu zer esan eta zer egiñ. Euskeria danona da eta danondako izan bihar da".
Horren harira, Korrika 18xak euskalduntzen eta alfabetatzen diharduten millaka eta millaka lagunak omendu nahi dittu: "Euskalakari izateko euskeria ikasten eta praktikatzen diharduten guztiak. Biharretik urtenda euskeria ikastera doiazen Aitor eta Nerea, loibak eskolan laga eta gero euskaltegira doiazen Karmen eta Jose, euskeria ikasten hasi dan Yasmin, berbalagun talde batian daguan Felipe, barnetegira doian Ximun, Gau Eskolan diharduan Elisabete, Osvaldo, Ane…".
Betiko lez, Korrikaren amaieriarekin batera jaialdixa egingo da: hillaren 24n Baionan ospatuko da jaialdixa eta bertara juan nahi dabenendako autobusa antolatu dabe (09.00etan Ego-Gaiñetik urtengo da).

Sare sozialetan eta mugikorrian
Korrika 18 jarraitzeko hamaika aukera eskintzen deskue antolatzailliak. Ohikueri (www.korrika.org, Flickr…) barri batzuk gehittu detsez, gaur egunian sare sozialak eta smartphone modura ezagutzen dittugun telefono mugikorrak erakartzen daben erabiltzaille kopuruaren garrantzixaz ohartuta. Holan, Facebook-en (https://www.facebook.com/aek.euskalakari) eta Twitterren (@#korrika) Korrikari jarraipena egitteko aukeria daka nahi dabenak. Eta hórrekin batera Korrikarendako bereziki sortutako mugikorrerako aplikaziñuak be eskuragarri dagoz: Androiderako Google Play-n eta Iphonerako, barriz, App Store-n. Aplikaziñuari esker, bestiak beste, Korrikaren ibilbidia, momentura arte egindako kilometruak, lasterketa helmugaratzeko falta diranak… zuzenian jarraittu leikez eta webgunerako loturak, jokua eta beste hainbat esku-eskura eruateko aukeria eukiko dau nahi dabenak.
Bestalde, EITB-k jarraipen berezixa egingo detse Korrikari eta bere inguruan sortzen diran beste guztieri eta horretarako Korrikari eskindutako gunia sortu dau. Eta EiTB Nahieran-ek Korrikaren inguruan emititutako saiuak atzera be ikusteko aukeria emongo dau. Eta ETB3k egunero gertutik jarraittuko detsa Korrikari, saio berezixekin: Tabakalera eta EHUrekin alkarlanian orotariko kontakizun Transmedia izango dau Korrikak: bideojokuak, bideoklipak, interaktibuak, dokumentalak...


Eibarren lekukua hartuko dabenak:
Uni BHI-ko Ikasle-Irakasliak
Unibertsitatea EHU-ko ikasliak
Hankamotxak Bertso Eskolia
Legarreko Jai Batzordia
Amañako Jai Batzordia
Euskal Bizikleta Kirol Elkartea
Itzio BHI
Armerixa Eskolia
Iosu, Pana eta Arrateren Lagunak
Aek
Mogel Isasi BHI
ASPE (Pelotarixak)
Herrira
Etxerat
LAB
J. A Mogel Guraso Elkartea
J.A. Mogel Ikastola
Arrate Kultur Elkartea
Klub Deportibua
Euskadiko Kutxa
Dendarien Elkartea
Rugbi Taldia
Euskara Batzordia
Udaleko bihargiñak
Sostoa Abesbatza
Ustekabe fanfarria
E.H.E. / El Corte Inglés
…eta kitto! Euskara Elkartea
Urkizu eskolako Guraso Elkartea
EH Bildu
Aralar
Sortu
EA
EAJ/PNV
EGI
Ignacio Zuluaga Institutua
Tekniker
Ernai