Balada De Perdedores estreinatuko du gaur Teatro Interior taldeak
Teatro Interior antzerki taldeak gaur iluntzean, 20.30etan estreinatuko du bere lan berria Coliseoan: "Balada de Perdedores", Gerra Zibila bizi izan zuten eibarko herritarrak protagonista duen antzezlana eta taldearen sortzailea den Eduardo Falcesek idatzitako testuan oinarritutakoa. Sardo Irisarrik zuzendutako antzezlanean, Falcesekin batera Maite Lorenzo eta Juan Manuel Canok jardungo dute taula gainean eta argiztapenaren eta soinuaren arduraduna, berriz, Alberto Toledano izango da. Jantzien diseinua Jose Miguel Garciarena da. Antzezlanak II. Errepublikan hasi eta Gerra Zibilaren amaierarainoko tartean gure herrian bizi izandako giroa ekarri nahi du gogora eta Eibar bonbardatu zutela 75 urte betetzen direla gogoratzeko antolatu den programazioaren testuinguruan estreinatuko dute. Sarrerak 5 eurotan egongo dira salgai leihatilan, 19.30etatik aurrera.