Barixakuak Jolasian ekimena herriko auzoetara itzuli da
2024/01/15
12:46
eta kitto!
Joan zen barixakuan ekin zion Barixakuak Jolasian ekimenak urte berriari. Txaltxa Zelai eta Untzaga inguruan antolatu zituen jolasak ...eta kitto! Euskara Elkarteak 2 eta 8 urte bitarteko haurrentzat. Hurrengo barixakuan, urtarrilak 19, Torrekuako parkean egingo dira eta 26an, berriz, Urkizuko parkean. Arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara egingo dira jolasak, doan. Eta otsailean ere izango dira: 2an Txaltxa Zelain, 16an Torrekuako parkean eta 23an Urkizun. Ekimen honen bitartez Gurasoak Berbetan programa familien artean ezagutzera ematea nahi du ...eta kitto! Euskara Elkarteak. Egitasmo horren helburua da familia-giroa eta lagunen arteko giroa euskalduntzea eta gurasoen arteko harreman-sarea handitzea. Urte osoan eman daiteke izena eta doakoa da.