Kantuz eta argiz beteko dugu aurten Euskararen Eguna

Azaroaren 3an, 18:00etan, Urkizutik abiatuko da kantu-kalejira, Ustekabe txarangaren laguntzarekin. Bost geldialdi egingo dituzte, eta Untzagan amaituko dute ibilbidea, 'Ixotu euskeria' argi-koreografiarekin.
Kantuz eta argiz beteko dugu aurten Euskararen Eguna
Argazkian: 'Emaiozu berbia euskeriari!' ekintza, iaz.
2026/11/24 11:41
eta kitto!

Abenduaren 3an, eguena, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Eibarren ere kaleak euskaraz, musikaz eta giro onez betetzeko hitzordua izango dugu. Eibarko Euskalgintzak antolatuta, aurten kantu-kalejirak hartuko du protagonismo berezia. Ustekabe txarangaren laguntzarekin, herriko kaleak zeharkatuko ditugu, bost geldialdi eginez eta bakoitzean kantu bana abestuz. Euskaraz kantatzeko, elkarrekin gozatzeko eta herriko kaleetan euskararen presentzia eta bizitasuna erakusteko aukera izango da.

18:00etan Urkizutik hasita Untzagaraino ailegatuko da kantu-kalejira Ustekabe txarangaren laguntzarekin. Ibilbidean bost geldiune egingo ditu eta horietako bakoitzean kantu bat abestuko da. Untzagan, harmailen aldean, 'Ixotu euskeria' argi-koreografiarekin amaituko da ekitaldia 19:00 bueltan.

"Kontua ez da ondo edo gaizki abestea, elkarrekin abestea baizik"

Eibarko Euskalgintza osatzen duten taldeek eibartar euskaltzale guztiak gonbidatu nahi dituzte ekimenarekin bat egitera: “Kantu-kalejira ez da abesteko aitzakia hutsa; kalera ateratzeko, elkartzeko eta euskararen inguruan komunitatea egiteko aukera ere bada. Ez dugu aparteko ahotsik edo kanturako trebetasunik behar. Kontua ez da ondo edo gaizki abestea, elkarrekin abestea baizik. Ustekabe Txarangaren doinuek lagunduta, ahots guztiak izango dira ongietorriak, eta zenbat eta gehiago elkartu, orduan eta indar handiagoa izango du kalejirak”. Gainera, antolatzaileek, bost abestien letrak biltzen dituzten esku-orriak banatuko dituzte parte-hartzaileen artean.

Izan ere, Euskararen Eguna ospatzea garrantzitsua da, baina ospakizunaren atzean dagoen mezua ere ezin dugu ahaztu. “Euskara gure eguneroko hizkuntza izatea nahi badugu, ezinbestekoa da erabiltzeko aukerak sortzea, kalean entzutea, lagunartean partekatzea eta ahalik eta esparru gehienetan presente egotea. Hizkuntza ez da berez bizirik mantentzen: hiztunak behar ditu, erabilera behar du, eta guztion konpromisoa behar du. Horrelako ekimenek, gainera, euskararen inguruan elkartzeko eta elkar ezagutzeko aukera ematen dute, adin eta ohitura desberdinetako herritarrak helburu beraren inguruan bilduz”, diote Euskalgintzatik.

Horregatik, egun honek badu ospakizunetik haragoko esanahia: “Euskararen aldeko lana urte osokoa da, eta eguneroko keinu txikiek egiten dute posible hizkuntzak aurrera egitea. Hala ere, urtean behin kalera atera eta denon artean ospatzeak indarra ematen dio bide horri. Euskarak bizirik dagoela erakusteko, erabiltzen dugula erakusteko eta etorkizunean ere gure herriko kaleetan entzuten jarraitzea nahi dugula aldarrikatzeko balioko digu”.

Ekitaldi amaieran egingo den argi-koreografiarako herritarrei etxetik argia ekartzeko eskaera egin du euskalgintzak: “Linternak, frontalak edo eskura duten beste edozein argi. Denon artean argiztatuko dugu une hori, ixotu egingo dugu euskara. Guztiona delako eta guztion artean egiten dugulako indartsuago. Abestu, dantzatu, argia piztu eta erakutsi dezagun Eibarren euskarak baduela lekua, baduela indarra eta baduela etorkizuna”.

"Hizkuntza ez da berez bizirik mantentzen: hiztunak behar ditu, erabilera behar du, eta guztion konpromisoa behar du"

 

 

 

 

Geldiuneak eta kantuak, 18:00etan hasita:

  • Urkizu: “Arratsalde honetan”

  • Errebal: “Euritan dantzan”

  • Anbulatorioa: “Itzulera”

  • Depor parean: “Ikusi mendizaleak”

  • Untzagan: “Guk euskaraz”