Eibarko merkatariek euskararen alde hartutako konpromisoa saritu du …eta kitto!-k

Herriko hainbat dendari eta tabernarik euskararen erabilera handitzeko hartutako konpromisoak aitortu eta saritu ditu …eta kitto! Euskara Elkarteak gaur (martitzena, hilak 24) iluntzean, Coliseon egindako “Euskeraz Primeran!” Merkataritza Galaren II. edizioan. Hartu eta betetako konpromisoen arabera, zilarrezko edo urrezko oroigarria jaso dute sarituek.
2026/11/24 22:25
Silbia Hernandez Arrazola

Euskeraz Primeran! Merkataritza Galaren II. edizioa egin da gaur …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik. Bertan, herriko establezimenduek euskararen erabilera sustatzeko hartutako konpromisoen araberako oroigarria jaso dute. Andrea Covadongak aurkeztu duen ekitaldian, oroigarriak banatzeaz gain, Arrate Delgado Harri Artian eibartar gaztearen musikarekin gozatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.
 
Euskara Elkarteko antolatzaileen berbetan, “aldaketak emateko benetako ahalmena dutenak dendariak eta tabernariak dira, euren erabakiek (lehen hitza euskaraz egitea, denda barruko oharrak euskaraz egotea…) eragin zuzen-zuzena baitute elkarrizketak euskaraz izateko orduan. Horrela, batzuk gaitasun edo ohitura faltagatik, lehen hitza euskaraz egitera mugatzen dira. Keinu txikia eta merkea bada ere, izugarrizko eragina duen praktika da, hortik aurrera elkarrizketa euskaraz izateko aukerak handiagoak direlako”. 

Beste batzuek, aldiz, erronka handiagoak hartu dituzte, hala nola sare sozialetan euskara erabiltzea, erakusleiho zein establezimendu barruko idatzizko oharrak euskaraz ere izatea… Arduradunen berbetan, “merkatari bakoitzari euskaraz egin zezakeenaren araberako neurriak proposatu dizkiogu eta, onartzeaz gain, bete ere egin dute askok. Eta hori izan da, hain zuzen ere, …eta kitto!-k aitortu eta saritu nahi izan diena”.

Antolatzaileek argi utzi nahi izan dute ekitaldia ez dela sariak banatzeko ekitaldi hutsa izan, merkatarien lana eta herriari egiten dioten ekarpena aitortzeko ospakizuna baizik. Horregatik, Euskeraz Primeran! programako parte-hartzaile guztiak gonbidatu dituzte, “konpromisoak bete dituztenak zein bete ez dituztenak, denak ezinbestekoak baitira euskararen erabilera handitzeko bidean”.

Euskararen erabilera sustatzeko urte osoko lana
Euskeraz Primeran! 2014an jarri zuen martxan…eta kitto! Euskara Elkarteak, denda eta tabernetan euskararen presentzia eta erabilera handitzeko asmoz. Ordutik, 400 establezimendutik gora batu dira proiektura. Urte hauetan, elkarteak hainbat kanpaina eta ekimen garatu ditu merkatariei eguneroko jardunean euskaraz aritzeko erraztasunak emateko: hiztegiak, elikagaien inguruko kartelak, mahai-zapiak, QR kodeak, jantzi eta osagarrien inguruko posterrak, azukre-zorrotxoak eta tabernetarako euskal musika zerrendak, besteak beste. Horrez gain, urte osoan doako itzulpen eta zuzenketa zerbitzua ere eskaintzen du…eta kitto!-k, baita WhatsApp bidezko arreta ere, eguneroko menuak, ohar laburrak edo sare sozialetako mezuak euskaraz prestatzeko.

Ekimen horien guztien helburua argia da: merkatariei euskaraz lan egiteko baliabideak eskaintzea eta, aldi berean, bezeroekin euskarazko elkarrizketak izateko aukerak handitzea. Izan ere, lehen hitza euskaraz egitea bezalako keinu txikiek ere eragin handia baitute eguneroko harremanetan.