Barixakuan Astelena frontoian egingo den sanjuanetako Boxeo-gaua aurkeztu dute

Sarrerak Astelena frontoiko leihatilan egongo dira salgai (18/15 euro), eta nahi izanez gero aurretik erosteko aukera dago, Muzategi kalean dagoen Ttatt gimnasioan (15/12 euro).
Barixakuan Astelena frontoian egingo den sanjuanetako Boxeo-gaua aurkeztu dute
2025/06/04 16:33
eta kitto!

Barixakuan (ekainak 6) sanjuanetako Boxeo-gauaren beste edizio bat hartuko du Astelena frontoiak, 22:15etik aurrera, eta horren aurkezpena egin dute gaur goizean Montxo Quina antolatzaileak eta Jon Iraola alkateak. Quinak bere esker ona adierazi dio Udalari, ekitaldia antolatzeko ematen duen ezinbesteko laguntzarengatik, eta Eibarren egiten den jaialdiaren garrantzia nabarmendu du: “Ordiziakoarekin batera, Eibarko hau garrantzitsuenen artean dago, bai Gipuzkoa mailan, baita Euskadi mailan ere”.
Ttatt gimnasioko arduradunak azaldu duenez, jaialdian boxeoa eta sanda, gauza biak egingo dira. Boxeoan, amateur mailako bost borrokaldi egingo dira, eta sanda-kopa bat  (II. Eibarko Hiria Wushu Kopa) jokatuko da, boxeo-jaialdiaren antolatzaile-lanetan hogeitabost urte inguru egin zituen Jose Perez Amañako Tigrearen omenez. Beste batzuetan bezala, lehen mailako ikuskizuna izango dela esan du Quinak, eta maila handiko boxeolari eta borrokalariek osatzen dute aurtengo kartela. Izen nabarmenen artean, Quinarekin entrenatzen duen Amer Agbalou, 18 urteko eibartarrarena dago. Iaz Wushu modalitatean parte hartu eta gero, aurten boxeolari moduan debutatuko du. 
Emakumezkoen borroka bat ere egongo da: “Emakumezkoen boxeoa ikusarazi nahi da eta, horrekin batera, ekitaldiak kirolaren balioekin eta berdintasunarekin duen konpromisoa berretsi”. Eta sanda modalitateko Amañako Tigrea 2. Kopa ere jokatuko da: “Borroka-diziplina hori oso ikusgarria da, eta Eibarren izango dira finalaurrekoak eta finala”. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Ttatt-eko Ion Lealek eta Yago Dominguezek. Aurkariak Omar Mahmoud (Iruñea) eta Manuel Caron (Castelló) izango dira, hurrenez hurren.
Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak nabarmendu duenez, “boxeoak tradizio luzea du gure herrian, eta horrelako gau-ekitaldiek bizirik mantendu ez ezik, berriztu ere egiten dute kirol hau, belaunaldi berriekin eta emakumeen kirolaren aldeko apustu sendoarekin. Ohorea da guretzat ekimen hau babestea”.
Sarrerak frontoiko leihatilan egongo dira salgai (18 euro aulkian, 15 euro harmailetan), eta nahi izanez gero aurretik erosteko aukera dago, Muzategi kalean dagoen Ttatt gimnasioan (15 euro aulkian, 12 euro harmailetan)