Barixakuan hasi zen Martxoak 8ko egitarauak hilabete osoan izango du jarraipena
Martxoa iritsi da azkenean eta, horrekin batera, Martxoaren 8ko lantaldeak antolatutako egitarauaren hasiera. Planifikazio zorrotza eginez eta konpromiso irmoa hartuz, emakumeen eskubideen aldeko borroka ospatzeko ekitaldiak prestatu ditu Martxoak 8ko kolektiboak (Arrate Kultur Elkartea, SD Eibar Fundazioa, Eibarren Akebai, Neledantza, Kaxa Mugimendu eta Sormen Gunea, Pagatxa, Berdintasun Zerbitzua-Andretxea, …eta kitto! Euskara Elkartea eta hainbat norbanako).
Barixakuan, martxoak 1, estreinatu zen Martxoak 8ko egitaraua Eibarren, Portaleko areto nagusian eman zuten “Cinco lobitos” filmarekin. Pagatxa emakume elkarteko Izaskun Rodríguez Elkorok dinamizatu zuen solasaldia.
Hurrengo egunetan "Zaintzaren arkitekturak" eta "80 amandre"
Eguaztenean, martxoak 6, "Zaintzaren arkitekturak" liburua aurkeztu eta, ondoren, hitzaldia emango du Irati Mogollon Garcia ikerlari lezoarrak (euskaraz). Zahartzaroaz, zaintzaz eta etxebizitzaz jardungo du, ikuspegi feminista sistemikotik. Zaintzaren arkitekturak pertsonen autonomia errazten du, haiek mugitu ahal izatea ahalbidetzen du, aurkitzea, euren beharrak asetzea, lortu ahal izateko hamaika traba gainditu behar izan gabe. Horretaz mintzatuko da Mogollon luze. Ekitaldia Andretxean izango da, 18:30ean (euskaraz), eta bertan Eibarko Poesía… eres tú taldekoek ere hartuko dute parte.
Martxoaren 7an, eguena, Dorleta Kortazar Alkozek helduentzako ipuin-kontaketa saioa eskainiko du (euskaraz) Andretxean, 18:30ean. "80 amandre" ikuskizunean lau emakumeren istorioak kontatzen dira. Bidaia bat egiten da 30eko hamarkadatik gaur egun arte, eta denbora tarte horretan emakume horien bizipenak kontatzen dira, bizitzan zehar jasan dituzten biolentzia ezberdinak azaleratuz. Biolentzia horiek intentsitate ezberdinetakoak izanik, tartean zaintzaren gaia ere oso presente dago; izan ere, esan daiteke protagonistak zaintzari emanak bizi izan direla, horrek dakarren guztiarekin.
Dorleta Kortazarrek azaltzen duenez, "gure amonen istorioak atzean utzi ditugula uste izan arren, aspaldikoak direla iruditu arren, ipuinek lagundu diezagukete konturatzen gaur egun gure artean badaudela oraindik horrelako errealitateei aurre egin behar dieten emakumeak, egoera zaurgarrian daudenak, eta iragana direla uste ditugun horiek oraindik ere oraina izaten jarraitzen dutela".
Programazio osoa ikusteko: https://labur.eus/M8LTeuskaraz