Martxoaren 8ko egitaraua aurkeztu dute
Eibarko Martxoaren 8ko lantaldeak 2024ko egitaraua aurkeztu du. Zaintzaren gaia izango du ardatz, denon bizitzak erdigunean jarriz.
Martxoaren 8ko lantaldea orain dela zazpi urte sortu zen, eta oraindik ere eraikuntza prozesuan dago. Orain arte lantalde honen eginkizuna martxoaren 8ko egitaraua kolektiboki antolatzea izan da.
Lantaldetik azaldu dutenez, "gure helburu nagusia da, egun horren bueltan, emakumeen aukera eta eskubide berdintasuna eta feminismoa aintzat hartzea eta aitortzea Eibarren, modu eta jarduera ezberdinen bidez, dagoen diskriminazio egoera eraldatzeko. Lantaldeak urtero gai bat adosten du egitarauaren ardatz bezala, eta aurtengoa, Zaintzak, ikuspegi feministatik izango da".
Zaintza-lanak honela defini daitezke: "Bizitza eta osasuna mantentzeko egiten diren jarduerak, historikoki ikusezin bihurtuak, etxeko eremuetara baztertuak eta emakumeei esleituak", diote.
Zaintzak izan dira, eta dira, pentsamendu eta ekintza feministen hainbat korrontetan aztertzeko eta eztabaidatzeko gai nagusietako bat, eta honako gai hauek hartzen ditu barnean: etxeko langileen eta zaintzen lan-baldintzak; lurraren zaintza, ikuspegi ekofeministatik; zaintza aukeraketa gisa, eta ez betebehar gisa; amatasuna ulertzeko modua; nork bere burua zaintzearen garrantzia, erantzunkidetasuna, hau da, zaintzen banaketa ekitatiboa eta zilegia gizarte-eragileen artean (estatua, merkatua, gizonak, komunitatea); zaintzen merkantilizazioa…
Denon bizitzak erdigunean
Feminismoek urteak daramatzate aldarrikatzen bizitza duinen iraunkortasuna erdigunean jarri behar dela eta zaurgarritasuna giza ezaugarritzat hartu behar dela, zaintzak interdependentziatik, elkar laguntzatik, elkartasunetik eta elkarrekikotasunetik ulertu behar direla eta zaintza oinarrizko balio soziala izan behar dela.
"Egingo diren jardueren bidez, hausnartzera, elkar-ikastera eta zaintzarekin lotutako pentsamenduak, egoerak eta emozioak, besteak beste, partekatzera gonbidatzen zaituztegu", diote lantaldetik.
Programazio osoa ikusteko: https://labur.eus/M8LTeuskaraz