Barixakutik domekara bitartean ospatuko diren Urki auzoko jaiak aurkeztu dituzte
Festak barixakuan hasiko dira, 19:00etan, aurten 50 urte betetzen dituen Urkipe Gastronomia Elkartearen eskutik. 19:00etatik 21:00etara, karaoke mugikorra egingo da Mirenekin, Urki auzoko kale eta tabernetan zehar. 19:15ean Koa dantza-taldearen emanaldia izango da eszenatoki nagusian. Gauean, 22:00etatik aurrera, LordWitch, Rythmachin eta Urkari taldeen kontzertuek emango diote amaiera jaietako lehen egunari.
Zapatuan, 10:30ean hasiko da egitaraua, txikikrossaren dortsal-banaketarekin; kategoriak 2-6 urte (150 metro), 7-9 urte (750 metro) eta 10-12 urte (1250 metro) bitartekoak izango dira. Txikikrossa 11:00etan hasiko da, Urki Kurutzekuatik abiatuta, eta jarraian herri-kirolak egongo dira. 12:00etan paella-lehiaketa egingo da “Bar Nuevo” tabernaren atzeko aldean, (euria eginez gero, eskolako patio estalian egingo lukete). Arratsaldean, 17:00etan, toka- eta igel-lehiaketa jokatuko da Rioja tabernako parkean, eta, ondoren, haurrentzako jolasgunea eta txokolatada egongo dira, 17:00etatik aurrera. 19:30ean hasiko da Dinbi Danbaren eskutik egingo den batukada. Eta, eguna ixteko, 23:00etatik aurrera kontzertua emango du “Estopaos” taldeak, Estoparen abestiak eskainiz.
Domekan Galdaramiñoko igoerarekin amaituko da programazioa: 09:30ean Unbetik irtengo da lasterketa, eta 13:00etan sari-banaketa egingo da.
Jon Iraola alkateak ospakizun hauetan laguntzen duten pertsona eta erakundeak gogoratu nahi izan ditu: “Eskerrak eman nahi dizkiet Urki auzoak jai bizi, ireki eta parte-hartzaileak edukitzen jarrai dezan posible egiten duten pertsona guztiei. Esfortzu hori lan kolektibo bat da, egitarau bat antolatzetik askoz harago doana: bere burua zaintzen eta ospatzen duen auzo baten adierazpena da. Festa hauek kohesio sozialaren eta harrotasun partekatuaren erakusgarri dira, eta jai hauek mantentzeko eta indartzeko apustua egiten jarraitu behar dugu ”.