Barrenako jaiak ospatuko dira bihar
Barrena kaleko jaiak edizio berria biziko dute bihar, zapatuan. Ekitaldiak Azitaingo gasolindegiaren aurrean dagoen parkean izango dute kokagunea. Urtero moduan, paella lehiaketak zabalduko du egitaraua: 12.30etan hasiko da prestaketa, hamar lagunendako kazuelak erabiliz horretarako; 14.00etan aurkeztu beharko dira eta, handik ordu erdira, 14.30etan, banatuko dira sariak. Sariak honakoak izango dira: lehenengoak, txuleta kilo bi eta saria; bigarrenak, txanpain botila bi; eta hirugarrenak, botila bi ardo. Jarraian, prestatutako paellekin herri-bazkaria egingo dute: azken honetan parte hartzeko, helduek 10 euro ordaindu beharko dute eta umeek bost euro. Bazkaldu eta gero, 16.00etan, umeendako jokoak hasiko dira. Eta, handik ordubetera, 17.00etan, mus txapelketa ipiniko da jokoan, eta hor parte hartzeko 16 euro ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak. Sariak honakoak izango dira: lehenengoentzat, errekaudazioaren %40, bi lagunendako afaria Azitain erretegian eta saria; bigarrenentzat, errekaudazioaren %20 eta langostino kaxa bi; hirugarrenentzat, errekaudazioaren %15 eta txanpain botila bi; eta laugarrenentzat, Errekaudazioaren %5 eta ardo botila bi.