Barrenako jaiak ospatuko dira zapatuan

Barrenako jaiak ospatuko dira zapatuan
2015/09/12 00:00
eta kitto!
Ohiko paella eta patata-tortilla lehiaketak eta arratsaldeko mus txapelketak osatuko dute Barrenako jaietarako biharko programa. Azitaingo jaietako erreleboa orain dela urte batzuk hartu zuten jaiak eguardiko 12.30etan hasiko dira, paellak prestatzeko beharrekin. Parte hartzen dutenek 10 lagunendako moduko lapikoak erabili beharko dituzte eta prestatzen dituzten paellak 14.00etarako aurkeztu beharko dituzte epaimahaiaren aurrean. Sariak, berriz, handik ordu erdira banatuko dira eta, jarraian, herri-bazkarixa egingo dute. Gauza bihak, lehiaketa eta bazkaria Azitaingo gasolindegi pareko parkean egingo dira. Arratsaldean, berriz, 17.00etatik aurrera mus-txapelketa azkarrak jokatuko dituzte Bodega Vinagre eta Gure Kaiola tabernetan. Eta, amaitzeko, patata-tortilla lehiaketa familiarra (guraso eta seme-alabak osatutako bikoteekin) 19.00etan abiatuko da. Handik ordubetera tortillak epaimahaikoei aurkeztu eta gero, lehiaketarako prestatutakoak elkarrekin jango dituzte, jaiak agurtzeko egingo duten herri-afarimeriendian.