Barry Manley: “Bakarrizketetatik kanpo ere pertsona umoretsua naiz, hori da nire izaera eta umoreak asko lagundu dit”
Barry Manley Irlandan jaio zen, Cork hirian hain zuzen ere, baina Euskal Herrian darama bizitzen bere bizitzaren erdia baino gehiago. Euskaldun peto-petoa izan arren, irlandar nortasunari eusten dio eta dikotomia horretatik abiatzen da Arrate Kultur Elkartean, hilaren 18an, 19:00etan, eskainiko duen bakarrizketa: “Irlandar eta euskaldun”.
Manleyrentzat ez da lehen aldia Eibarren. Orain dela 12 urte, Irlandako ipuin-kontalarien antzera ibili zen hara eta hona eta gurean geldialdia egin zuen. Berarekin egoteko aprobetxatu genuen eta sasoi hartan izan genuen berriketaldia gogoratu dugu.
Orain dela 12 urte egin genizun elkarrizketan esan zenigun jendearen aurrean aritzea droga zela zuretzat. Droga ezin lagata zabiltza?
Ez nik bakarrik, askotan entzuten duzu antzeko zerbait. Jendaurrean aritzea droga izatea, tira, orain gutxiago da niretzat. Zorionez gauza asko egin ditut 12 urte hauetan, eta gaur egun nire euskara askoz hobea da eta erosoago sentitzen naiz jende aurrean. Dena dela, orain hausnarketa momentu batean nago, zaila delako bakarrizketekin aurrera egitea. Batetik, autonomoa izanda, legeari dagokionez gauzak gero eta zailagoak dira. Eta bestetik, iaz gaixotasun kronikoa atzeman zidaten, minbizia. Sendatu naiz, orain ondo nago, eta eszenatoki gainera itzultzeko gogoak asko lagundu zidan prozesu horretan.
Minbizia izateak nola eragin dizu bakarlari eta pertsona moduan?
Egun bakoitza opari bat izango balitz bezala bizi dut orain. Badakit etorkizunean minbizia itzuliko dela, baina momentuz oso ondo nago. Egunero pare bat orduz ibiltzera joaten naiz, Donostian bizi naizenez itsasoan igeri egiten dut... Ezin naiz kexatu.
Umoreak lagundu dizu egoera horri aurre egiteko orduan?
Hori da nire bizitzeko modua eta bakarrizketetatik kanpo ere pertsona umoretsua naiz. Hori da nire izaera eta, bai, umoreak asko lagundu dit.
Euskaraz hobeto moldatzen zarela aipatu duzu, baina urte hauetan bakarrizketari moduan ere hobetu duzula nabari izan duzu?
Bai, eszenatoki gainean etengabe ikasten duzu. Euskal Herri osoan eszenatoki gainean egon ondoren ofizio berri bat ikasi dut. Euskal Herria txikia dela esaten dugu, baina Euskal Herri osoa margotzen saiatu. Oso handia da!
Bakarrizketari moduan euskaraz egin duzu ibilbidea. Ingelesez ez zara ibili?
Bakarrizketak ingelesez egiteko gai naiz eta egin izan ditut. Egunero hiru hizkuntzatan bizi naiz: gazteleraz, ingelesez eta euskaraz. Orain dela urte batzuk Eibarko Hizkuntza Eskolakoek bakarrizketa bat euskaraz eta ingelesez egitea eskatu zidaten, eta gustora egin nuen. Nire herrian ere, Corken, bakarrizketa bat ingelesez egin nuen, baina ez da gauza bera bakarrizketa bat ingelesez Corken edo Eibarren egitea, testuinguru ezberdinak dituztelako. Zorionez toki biak ezagutzen ditut soberan, nahiz eta Irlandan aritzeak beldur gehiago ematen zidan, denbora asko daramadalako hemen bizitzen. Esan behar da, bestalde, hemengoen ingeles maila gero eta hobeagoa dela.
Zure bizitzaren zatirik handiena Euskal Herrian daramazu...
Bizitzaren bi herenak! Kontzeptu berria da hori niretzat, lehen ez nuen ezagutzen. “Irlandar eta euskaldun” da ikuskizunaren izenburua, hori naizelako, irlandarra eta euskalduna, ez Euskal Herrikoa, ezin dut Athletic-en jokatu (barreak).
Beno, Athletic-eko jokalari batzuek ez bezala, zuk euskaraz egiten duzu.
Bai, baina Realzalea naiz! Hori bai, lehenik eta behin Liverpool FC-ren zalea. Gainera, lehengusinaren semeak, Caoimhin Kelleher atezainak, Liverpoolen jokatzen du. Martin Zubimendi Liverpoolen jokatzen ikustea nahiko nuke, baina tira. Liverpool asko jarraitzen dut, haurtzaroarekin konektatzen laguntzen dit.
Irlandar asko Liverpool FC-ren zaleak dira, ezta?
Bai, Liverpoolen edo Manchester Uniteden zaleak dira irlandar asko. Guk futbol gaelikoa dugu, gure herri-kirola izango balitz bezala, errugbian ere inoiz baino hobeto dabil selekzioa, baina Irlandako futbola gaizki antolatuta dago eta jokalari onenek Ingalaterran jokatzen dute. Kirolaren aldetik Ingalaterrarekin lotura estua dugu (euren telebista saioak ikusten ditugu, adibidez). Hori bai, orain dela egun batzuk 0-2 irabazi ziguten gaztetan Irlandarekin jokatu zuten Declan Rice eta Jack Grealishen golekin. 800 urtez Ingalaterraren menpe egon ondoren, orain hau. Jainkoa ez da existitzen! (barreak)
Umorerik ez zaizue falta behintzat!
Noski, zer egingo dugu ba?
Antzeman daiteke barreak ez direla faltako hilaren 18ko saioan.
Bakarrizketa egitea oso lan pertsonala izan da niretzat. Ez dakit zehatz mehatz nolako saioa izango den, baina musika ere ez da faltako. Nire konposaketak abesten ditut gitarrarekin.