Baserritarrek euripean ospatuko dute San Isidro
Gaur (maiatzak 15) San Isidro eguna ospatuko dute baserritarrek Arraten. Jai egun honetarako egitaraua goizeko 11.00etan hasiko da, mezarekin. Bertan, Narbaiza, Lizarreta eta Ziarda bertsolariek eta Baltzola Anaiak trikitilariek hartuko dute parte. Meza eta gero, Kezka dantza taldeak aurreskua eskainiko du eta ondoren prozesioa egingo dute. Jarraian Sagarmiña Getariko Txakolina, Andutzene, Mausitxa, Sosola eta Goienetxe Artzai Gazta eta aire librean hazitako Basatxerri ezaugarria duten txerrikien dastaketa egingo da.
Eguerdiko 12.45etan, San Isidroetako XI. Aizkolari Txapelketa jokatuko dute Mujika, Telletxea, Bihurri, Zubizarreta, Larretxea eta Atutxa aizkolariek. Tartekatuta Izeta II.a, Ostolaza eta Urrutia harrijasotzaileek saioa eskainiko dute. Eta jarraian Santa Souza Euskadiko txinga txapeldunak erakustaldia egingo du.
Ondoren, 14.30etan elkarrekin bazkalduko dute Kantabria jatetxean. Bazkal ostean sei herrietako aitona amona nagusienei opariak banatuko zaizkie eta mahaikideen artean sari baten zozketa egingo da. Jarraian bertsolariak (Narbaiza, Lizarreta eta Ziarda) eta trikitilariak (Baltzola anaiak) izango dira. Eta arratsaldeko 17.30etan idi-demak jokatuko dira Igeldo (Zumarraga), Epiola (Oikina) eta Telleria-ren (Lasarte) artean.
Jai egun hau Debemen Debabarreneko Landa Garapen Elkarteak antolatzen du Eibar, Elgoibar, Mendaro eta Debako udalen laguntzarekin.