Batxilergoko ikasleek eskualdeko enpresak bisitatu dituzte, lanpostu teknikoen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko
Ekimen honen helburua estereotipoak apurtzea da, goiz batean egindako bisitan erakundearen jarduerak eta egiten diren lan teknikoak ikasleei erakutsita. Profil teknikoa duen emakume batek lagundu die bisita bakoitzean, sektorean emakumezko erreferenteak erakusteko. Bere lanpostua zertan datzan azaldu die, enpresako sailak ikustera lagundu die, errealitate industrialari buruzko ikuspegi orokorragoa izateko eta betetzen dituzten eginkizunen eta zereginen berri izateko, eta lanbide-profil hori garatzeko zer prestakuntza beharko luketen azaldu zaie ikasleei.
Elena Alonso Debegesako Enplegu eta Gizarte Berrikuntza Saileko arduradunaren berbetan, “helburua da neskek etorkizuneko aukera profesionala STEAMekin zerikusia duten lanpostuen ezagutzatik abiatuta egitea, eta, gainera, sektoreko emakume profesionalen eskutik, emakumezko erreferenteak izateko. STEAMen esparruan emakumeen eredu eta erreferenterik eza da industrian ia emakumerik ez egotearen arrazoietako bat”.
Debegesaren arabera, “emakumeen presentzia industrian, giza eskubideen kontua ez ezik, lehiakortasuna eta ekonomiaren indarberritzea bermatzeko funtsezkoa ere bada. Euskal industrian, emakumeek lanpostuen %20 baino ez dituzte betetzen, eta sektorea funtsezkoa da erkidego honetan, baina oso maskulinizatua dago. Debegesaren helburuetako bat da genero-estereotipoak desagerraraztea, gazteek karrera teknikoak ikastea eta sektore horietan emakumeak ikusaraztea”.
Esperientziarekin pozik daude eta, orain, emaitzen balorazioa egingo dute Debabarreneko STEAM Foroan parte hartzen duten erakundeekin batera. Horren arabera, esperientzia eskualdeko beste ikastetxe batzuetara hedatzea ala ez erabakiko dute.