EVA ALBERDI: "Askoren ustearen kontra, udal liburutegia ez da ikasteko toki bat bakarrik"

EVA ALBERDI: "Askoren ustearen kontra, udal liburutegia ez da ikasteko toki bat bakarrik"
2025/09/12 11:48
eta kitto!

Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegian lan egitea "ohorea" dela dio Eva Alberdi liburutegiaren egungo arduradunak. 33 urte inguru daramatza liburutegian lanean, Untzagan zegoen liburutegian lehenik, eta Portalean gero. Ordezkapenak egiten hasi zen eta, behin oposaketak gaindituta, plaza ateratzea lortu zuen. Ordutik, denetariko karguak izan ditu: herritarrei arreta emanez, liburutegi osoa katalogatzen… Gaur egun liburutegiko lantaldea osatzen duten zazpi lagunen artean arduraduna da. “Guztion artean zerbitzua eusten eta kalitatea bermatzen saiatzen gara”. 

Zenbat gune daude guztira liburutegian?

Hasteko, helduenean irakurketa gela dago (gela handiena dena). Bertan, albo batean, Eibarko bildumaren liburuak dituen gela txiki bat dugu. Beste aldean, 'hemeroteka gunea' deitzen diogun gunea daukagu (egunkariak irakurtzeko edo butaka batzuk irakurtzen egoteko). Gero, umeen liburutegian 'Txiki txokoa', bestelako irakurketa gela bat eta ikasgela dauzkagu. Liburutegiko guneez gain, Portaleko beste gune batzuk erabiltzen ditugu. Lehenengo solairuan dauden batzartokiak, adibidez, edo hirugarren solairuan dagoen ikastaro gela, areto nagusia. Liburutegia ez ixteko erabiltzen dira espazio horiek. Finean, ez baita egokia irakurketa klub bat egitea jendea ikasten dagoen bitartean. Liburutegia ez da nire ustez ikasteko toki bat bakarrik. Ikasleek hori ulertu behar dute. Izan ere, noizbait izan ditugu desadostasunak horrekin. Liburutegi hau udal liburutegi publiko bat da, adin guztietako jendearentzat zuzenduta dagoena. Ez da unibertsitateko liburutegi bat. Hori garbi izan behar da, batzuetan kexak jaso baititugu. Zarata ateratzen dugula diote kexatzen direnek. Esaterako, pertsona bat aholku eske etorri denean hitz egin dugunean isiltzeko eskatu digute. Guk gure lana egin behar dugu, eta horrek molestatzen bazaitu, agian, ez da zure tokia.

Programazioari dagokionez, zer antolatu duzue ikasturte honetarako?

Hain justu irailaren 1ean zabaldu ziren aurrematrikula epeak helduentzako bi irakurketa klubentzat (euskarazko eta gaztelaniazko klubentzat). Biak eibartarra den Ainhoa Aldazabal eibartarrak dinamizatuko ditu. Parte-hartzaileek urritik maiatzera bitarte liburu bat irakurriko dute hilero eta idazlearekin saio bat egingo dute ideiak partekatzeko. Euskarazko irakurketa kluba ...eta kitto! euskara elkartearekin batera egiten dugu. Gainera, liburuak doan lortzen ditugu, beste liburutegiekin dugun elkarlanari esker. Hori bai, irakurleek beren kabuz erosi eta idazlearen sinadura bat lortzeko aukera ere badute.

Urte luzez egin da irakurketa kluba. Nolako “feed-back”-a jaso duzue?

Maileguaren datuen arabera egia da euskaraz gazteleraz baino gutxiago irakurtzen dela. Hala ere, nik uste dut euskaraz irakurtzen duenarentzat ere oso aukera ona dela, bestela ez baita oso erraza izaten idazlearekin egon eta liburua komentatzea. Webgunean dago saioen inguruko informazio guztia, informazioa nahi izanez gero.

Esan ohi da gaur egun jendeak ez duela irakurtzen. Ados zaude iritzi horrekin?

Ez. Eibarko liburutegian behintzat, urteko mailegu kopuruari eusten diogu. Iaz, gainera, aurreko urteekin alderatuta, kopurua igo egin zen. Kopuruari eustea guretzat nahikoa da. Helburua nahiko beteta dugu, beraz. Egia da gure ohiturak aldatu direla. Film edo telesailen ikusle igoerak eragina izan du irakurzaletasunean. Eta era berean, diskoak oso gutxi hartzen dira mailegutzan. Bestalde, liburuen maileguari eutsi egin zaio. Datuen arabera, argi dago nerabezaroan "paroi" moduko bat egoten dela. Wifia eta ikasteko tokia besterik ez dute nahi izaten gazteek liburutegian. Heldutasunean liburuak mailegatzen dituzte berriro ere.

Belaunaldi batekin edo bizitzako etapa batekin lotuko zenuke fenomeno hau?

Ez dakit esaten. Agian gaur egun liburuak beste modu batetik eskuratzen dituzte. Esango nuke nerabeei ez zaiela digitalean irakurtzea gustatzen, nahiago dutela paperean irakurri (gure iruditerian kontrakoa bada ere). Gaur egun, gainera, kontuan hartzekoa da irakurzaletasuna zailtzen duten beste faktore batzuk badaudela balantzan: sare sozialak, telesail eta film plataformak, adibidez.

Liburutegiaren erronka nagusia irakurzaletasunari eutsi eta bultzatzea da orduan.

Horretan saiatzen gara. Haurrak urtebete dituzten momentutik eskaintzen ditugu irakurketa klubak. Irakurketa deitzea ere ez dakit zuzena ote den (barreak), gurasoek irakurtzen diete haurrei. Azken finean, literaturarekin lehenengo kontaktua eskaintzen dugu. Lehenengo urteetan ahozko irakurketa dena (poemak eta hitz jolasak egiten dituzte gehienbat), ondoren irakurketa sustatu eta etxerako maileguan hartu ditzaten. Sei talde ditugu gaur egun: urte batetik hiru urtetara eta lau urtetik sei urtetara (hiru talde, adin tarte bakoitzeko). Eskolei begirako eskaintza ere badugu: “Mintzoan kux-kux” . 'Galtzagorri' elkarteak antolatzen duen programa da. Adituek aukeratutako liburuak liburutegiko txoko batean jarri eta haur bat etortzen da bila. Ostean, eskolara eta etxera eramaten du liburua. Eta, azkenik, beste ume batek liburua liburutegira itzultzen du eta beste liburu bat hartu. Eskola, familia eta liburutegien artean euskarazko literatura ona, kalitatezkoa, bultzatzeko modu bat da.

Eta azkenik, zortzi urtetatik DBHra bitarte, ‘Paperezko hegoak’ deituriko bi irakurketa talde ditugu. Peru Magdalenak dinamizatzen ditu saio horiek. Umeek hilean liburu bat irakurri eta saio bat egiten dute batzartokian. Liburuaz hitz egiteaz gain, gaiarekin zerikusia duen lan bat egin behar dute parte-hartzaileek (marrazki bat, idatzi bat…). Ikasturte amaieran, lan guztiak batu eta liburuxka bat ematen zaie opari gisa.


Bestelako jarduerarik baduzue?

Ingelesa eta frantsesezko mintzapraktika programa aurrera atera nahian gabiltza. Dinamizatzaile bila gaude orain. Ez da hain erraza dinamizatzailea topatzea. Aurrera begira, urrian liburu aurkezpen bat dugu, eta urriaren 24a Liburutegien Eguna izanik, Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrenarekin loturik antzezlan bat egingo da (‘Gabriel Arestirekin Ikuskizuna’), Kandido Uranga eta Inaxio Tolosaren antzezleen eskutik.

Herritarrek ba al dakite benetan zein eskaintza dagoen liburutegian?

Nik uste dut ezetz. Saiatzen gara, sareetan esaterako, dena argitaratzen, baina ez gara dena zabaltzera heltzen. Liburutegia ikasteko eta isilik egoteko tokia den iritzi orokortua dago oraindik ere. Ondorioz, askok uste dute ez dela haientzako tokia. Jendea jubilatzen denean hasten da etortzen eta orduan konturatzen dira dugun eskaintzaz. Hori aldatu beharra dago.

Azkenik, liburutegian hainbeste urtez lan egin ostean, zein liburu gomendatuko zenuke?

Liburu oso laburrak irakurtzen ditut, ohera joan aurretik. Orain euskaraturik dagoen ‘El infinito en un junco’ (Irene Vallejo) liburua irakurtzen nabil. Liburuzain batek irakurri beharko lukeen liburua dela esango nuke. Euskaraz, 'Maitasun kapitala’ (Karmele Jaio) asko gustatu zitzaidan. Klubean irakurriko duten ‘Betty’ (Tiffany McDaniel) ere asko gustatu zitzaidan.