Beldurrari eta arimeri eskindutako gaba
Ez dira horrenbeste urte gurian halako gabari Animen Gaba esaten zetsen eta, gaur egunian indarra galdu daben ohitturia izanda be, XX. mendiaren lehen erdiraiño gaztiak, batez be mutillak, inguruko ortuetako kalabazak, arbiak, patatak, erremolatxak… hartzen zittuen, hustu eta zuluak egiñ eta gero, barruan kandelak ipintzeko eta gero bidebaztarretan lagata jendia beldurtzeko asmuarekin. Eta asmo berarekin izarak eta trapu zaharrak burutik behera jantzi eta mamuak izango bailiran auzokuak ikaratzen ibiltzen ziran. Gaztaiña erreak jateko eta umiak eskian ibiltzeko sasoia be bazan.
Holan jasota dago, bestiak beste, Ahotsak.com proiektuari esker jasotako testigantza askotan eta Toribio Etxebarriak berak, 1887xan jaso eban "Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia". Edo Berrizgo Herminia Lazpitari jasotako berbak gogora ekarritta, "gabian edo illuntzian ipintzen zan kalabazia, begixak eta ahua egin, barruan kandela sartu ixotuta, kanpaidorrian. Kalabaza hustu egitten zan, zulua egin azpitik, hazixak-eta kendu, eta gero ipintzen jakon kandela barruan eta begixak eta ahua eterata ipintzen jakozan, zein da buru baten formia. Eta sartzen jakon kandela erdixan, eta begixetatik eta sudurretik-eta, argixa ikusi egitten zan. Gaiñera orduan ez eguan argirik kalietan, dana illunetan…".
Izan be, holako ospakizunak gurian Neguko Jaixen testuinguruan kokatu izan dira betidanik eta, Europako Mendebaldeko beste herrialde gehixenetan moduan, ezaugarri asko errepikatu egitten dira: nekazarixen produktuak saltzeko azokak, eskian ibiltzeko errondak, koko-jantzixak, hil eta berpiztiarekin lotutako errituak…
Beste askoren moduan jatorrixan paganuak ziran holako jaixak. Euskal Herriko ohittura zaharraren parekua izan leikian Halloweeneko ohitturak, baiña, aldaketa haundixak izan dittue Kristautasunaren eragiñez eta gaur egun holako egunak batez be bixarko egunarekin, hildakuak gogoratzeko eguna dan Domusantu edo Santu Guztien Egunarekin lotzen dittugu nahittaez.
Kanposantuko ordutegixa
Izan be, gaurkua beldurrari eskindutako gaba bada, bixarko eguna kanposantuetara juateko eta hillobixak lorekin apaintzeko eguna da gurian. Horregaittik, asteburu honetan ordutegi berezixan zabalduko dittue kanposantuko atiak: gaur, bixar eta etzi 08.00etatik 20.00etara zabalduko dabe kanposantua, hillobixak lorekin apaindu eta, bestela, bisitan juan nahi dabenak horretarako aukeria euki deixen. Horrekin batera, azaruaren 2xan (domekan) hildakuen alde egitten dan mezia aurten San Andres elizan izango da, 12.00xetan, eta ez beste urte batzuetan bezala kanposantuko kaperan.
Gaztañak, beldurrak eta hotza uxatzeko
Hildakuak gogoratzeko sasoia ez eze, gaztaiñak jateko sasoia be bada. Urte sasoi honetan ipintzen dittue kalian gaztaiña erriak saltzeko postuak, ointxe dalako gure basuetan gaztaiñak batzeko sasoia. Holan ba, hildakuak ondratzeko afarixak egitten ziran sasoia gogoratzeko ospatzen dogun Gaztañerre eta pareko jaixetan gaztaiñak jatia ez da harritzekua.
Testuinguru horretan Magosto jaixa ospatzeko tartia hartuko dabe As Burgas Galiziako Etxekuak. Azaruaren 8xan eta 9xan Urkizun egingo dabe jaixa: zapatuan 11.00etan Galiziako produktuak saltzeko tabernia zabalduko dabe eta 13.00ian gonbidatueri harreria egingo detse. Ordu horretan hasiko da etxian egindako enpanaden lehiaketia eta irabazlieri sarixak 14.00xetan banatuko jakuez. Gaztaiñak arratsaldeko 18.00etan aillegauko dira, Ribeiro ardau eta txorizuarekin lagunduta. Eta domekan 11.30xetatik 14.30xetara segiduko dau jaixak, Os Galaicos taldekuen musikiak girotuta.
Gaztañerre 10ian
Eibarren azaruaren 10ian ospatuko dogu Gaztañerre. Askok ohitturiari eutsiko detse eta soziedadian zein famelixa giruan alkartuko dira, alkarrekin afaltzeko. Menuan, zelan ez, marraskilluak eta gaztaiñak ez dira faltan izango. AEK Euskaltegikuak azken urtiotako martxari jarraittuta Paloma tabernan alkartuko dira 19.00etan, jaixarekin bat egittera animatzen diran guztiekin batera "Ondra janak tabernaz taberna" egitteko asmuarekin. Kalejira eta afari meriendia egingo dabe, trikitilarixak lagunduta.