BEÑAT LASKURAIN eta UNAI CORDOBA: “Euskal Herria hemen dagoela erakutsi nahi dugu”
Gure Esku Dago plataformak hamabi urte bete ditu aurten, eta ibilbide luze horretan ehunka dinamika, mobilizazio eta ekimen jarri ditu martxan, herri-borondatez eta oinarri demokratikoz. Eibarren ere, talde aktiboa izan da hasieratik, eta orain berpizte garaia bizi dutela diote bertako kideek. Beñat Laskurain eta Unai Cordoba eibartarrek azaldu dute zein den plataformaren gaur egungo erronka nagusia eta nola ari diren komunitatea sendotzen, Eibarren zein herriz herri.
Duela hamabi urte sortu zen Gure Esku Dago plataforma. Ordutik ehundaka mobilizazio eta dinamika antolatu ditu, baina, plataformaz ezer ez dakienari, nola azalduko zeniokete zer den Gure Esku Dago?
BEÑAT: Gure Esku Dago herri ekimen bat da, herri plataforma bat, pentsaera anitzeko jendea helburu komun baten inguruan biltzen duena. Helburu hori da Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herri bat dela, hizkuntza eta kultura propioak dituela eta bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea daukala. Horren inguruan egituratzen da plataforma.
UNAI: Horrela da. Hamabi urteotan ekimen ugari egin ditugu —masiboak eta txikiagoak—, baita ariketa praktiko bat ere: libre eta demokratikoki bozkatzeko ekimena. Kataluniatik zetorren olatu hura Euskal Herrira egokitu zen, eta hala gauzatu zen Eibarren. Eta ez zen sinbolikoa: parte-hartzea zen neurtu nahi zena, herri ekimen bat nola bultza zitekeen ikusteko. Epe laburrean etorkizunean egin nahiko genukeenaren ariketa praktikoa izan zen. Hori da Gure Esku Dagoren filosofia hasieratik.
Gaur egun zein puntutan kokatzen da GED?
UNAI: Gaur egun inflexio puntu batean gaude. Estatutik euskararen zein euskal herritartasunaren aurkako jarreren aurrean, Gure Eskuk aurrera begira jarri nahi du begirada. Kontuan hartu behar dugu Euskal Herria gaur egun hiru administraziotan banatuta dagoela, eta errealitate sozialak ere ezberdinak direla. Horregatik, oraingo fasea ekimen praktiko handien gainetik, komunitatea sendotzera bideratu dugu.
Zein egoeratan dago plataforma herri mailan?
UNAI: Gorabeherak izan ditu, baina beti mantendu da enbor bat. Gure kideak eta eskualdeko plataforma sortu zutenak lanean jarraitu dute. Hamabi urteotan ekimen zehatzak egin ditugu: Euskal Jaietan talo postua, Tripontzia nazio mailan… Azken urte eta erdian, ordea, berriro piztu dela argi dago.
BEÑAT: Egia da giza katearen garaian dinamika oso potentea sortu zela. Pandemiak, ordea, ekimena moteldu zuen. Orain berriro martxa hartzen ari gara, berpizte fase batean.
UNAI: Eibarren zortzi edo bederatzi lagun biltzen gara astean behin, “denboratxoetan”. Orain Sanandresak pasata, atseden txiki bat hartuko dugu, baina data garrantzitsuak baditugu: abenduaren 27ko Kontseiluaren ekitaldia, Durangoko Azoka... Urtea gogor dator eta prest gaude.
“Herritik eta auzoetatik eraikitzen da Euskal Herria. Gazteei ere dinamikan parte hartzeko ateak zabaldu nahi dizkiegu"
Sanandresak aipatuta, komunitatea eraikitzeko lan horretan, jai batzordearekin kantu-poteoa antolatu zenuten.
BEÑAT: Bai, zapatu goizean egin genuen kantu-poteoa. Helburua zen herriko elkarte eta eragile desberdinen arteko saretzea sustatzea. Kantua elementu garrantzitsua da herri eraikuntzan: Euskal Herria herri kantaria izan da beti, eta kultur transmisioan paper handia du. Iruditzen zitzaigun kantu-poteo batek elkarte askoren parte hartzea ahalbidetuko zuela: koruak, kultur taldeak, musikaren inguruan dabilen jendea… Eta, bide batez, herri nortasuna eta erabakitzeko eskubidearen aldarria kalera ateratzeko parada zen. Jaixak Herrixak Herrixandakoren egitarauaren barruan txertatu genuen, elkargune naturala zelako.
UNAI: Helburua argia da: komunitatea sendotu eta zabaltzea. GED ez da egitura zurruna; dinamikoa da, eta herriaren eta testuinguruaren arabera egokitu behar du. Eibar oso anitza da, eta aniztasun horretan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi dugu. Etorkizunean ekimen demokratiko bat gauzatu nahi badugu, lehenik gizartea landu behar da; eta gizartea pertsonak gara. Herritik eta auzoetatik eraikitzen da Euskal Herria. Gazteei ere dinamikan parte hartzeko ateak zabaldu nahi dizkiegu. Baina saretzea eta trinkotzea ez dira egun bateko lanak: denbora eta dedikazioa behar dute.
Komunitatea sendotzea da zuen helburua, beraz.
UNAI: Komunitatea sendotzea eta zabaltzea, bai. Gure ustez, GED ez da gauza trinkotua, dinamikoa izan behar da. Egokitu behar da bai testuingurura bai herrira. Herri hau oso zabala da, eta ez bere luzeran bakarrik (barreak). Handia da bai, baina gizarte modura oso anitza da. Aniztasun horretan beharrezkoa da ahalik eta jende gehienak parte hartzea horrelako ekimen demokratiko batean. Gauzatu nahi baldin badugu etorkizun batean horrelako ekimen demokratiko bat, landu beharrekoa da lehenengo gizartea. Gizartea dira pertsonak. Pertsonak dira Eibar. Eta hortik… Euskal Herria. Baina bereziki gure herri, auzo eta batzordeetan konplizitateak sortuz. Jai batzordeari dagokionez, gazteak dinamika honetan sartzea nahi izan dugu. Baina hori, saretzea eta trinkotzea ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, lanketa eta denbora ere eskatzen du.
“Gure Esku Dago herri ekimen bat da, herri plataforma bat, pentsaera anitzeko jendea helburu komun baten inguruan biltzen duena”
Nazio mailan herritu txartela aurkeztu duzue. Zertan datza txartela?
BEÑAT: Herritu ekimena da, euskal komunitatea sendotzeko sortua. Gure ustez bada premia bat: Euskal Herritar izatearen sentimendua trinkotzeko beharra. Horri erantzuteko, Gure Eskuk hiru euskarri fisiko aurkeztu ditu: txartel bat —Euskal Herritar zarela eta erabakitzeko eskubidearen alde zaudela adierazten duena—, pegatina bat eta pin bat. Ikur horien bidez komunitate sentimendua indartu nahi dugu.
UNAI: Ez da agiri ofizial bat, ikur bat baizik. «Euskal Herria hemen dago, eta euskaldunok hemen gaude» esateko modu bat. Arlo desberdinetako jendea batu dezake: euskalgintzatik, arlo sozialetik, sindikaletik… Helburua da esatea hemen erabaki nahi dugula, gure hizkuntzan eta gure baldintzetan. Dinamika honek adar asko ditu; ez da papertxo soil bat. Etorkizunera begira, ikusarazi nahi dugu komunitate bat badagoela eta indartzen ari dela.