Benito Lertxundi: “Euskal musika gazteegia da eskola finkatzeko”
– Gaur Coliseoan eskaini behar duzuen kontzertuan “Oroimenaren oraina” azken diskoaren bueltan jardungo duzue? Abesti berririk edo bestelako ezustekorik eskaintzeko asmorik?
Azken aldian ematen dihardugun antzerako kontzertua izango da: azken disko horretako abestiak ardatz hartuta, jendeari gugandik espero duena behintzat eskaintzea da gure asmoa. Ez da faltako, ezta, abesti ezagunenen tartea. Eta, jakina, oraindik editatu gabeko lan batzuk ere aurkeztuko ditugu.
– Ez da zure estreinaldia izango gure herrian. Aurretik Eibartik pasatu izanaz, zer oroitzapen duzu?
Sasoi batean sarritan jo izan genuen Eibarren. Zergatiak neri ez galdetu, baina izan zen gero hainbat urtetako tartea horra joan barik. Eta gero gogoan dut Coliseoan bertan jardun genuela azkenengoz; esango nuke, gainera, antzokia berriro inauguratu zutenean izan zela.
– Gustora jarduten duzu horrelako eszenategietan? Handiak ala txikiak nahiago?
Toki txikietan jotzeko nahiko arazo ematen ditugu guk geuk, hamar bat lagun bagara-eta jotzen. Hainbeste laguneko taldea mugitzeko, beharrezkoa egiten zaigu aldi berean publiko gutxieneko kopuru bat. Kursaala egokia izan daitekeen moduan, estadioak ez hainbeste: nire abestientzat bolumen handiegiko eszenategiak dira, berezkotasuna jango lieketenak. 700 lagunentzat jotzea gure neurrikoa iruditzen zait.
– Kontzertuak oso prestatuta izaten dituzue ala ikus-entzulearen arabera aldatzen edo moldatzen duzue?
Gure kasuan, nahiko prestatuta eramaten dugu eskaini behar duguna. Beti ere, aurrean dugunari erreparatzen diogu; eta horrek ekar dezake abesti bat kentzea beste bat ipintzeko, edo abestien ordena aldatzea. Baina beti joaten gara kontzertua nondik nora joan daitekeen ideia argi batekin.
– Zenbat kontzertu eskaintzen dituzue urtean? Hemendik kanpo irtetzeko asmorik bai?
Gorabeherak izan ditut urte guzti hauetan. Hasieran geratu barik ibili ginen, jendearen artean zabaldutako sukarrak hala eskatuta; izan ziren urteak astero lau kontzertu eman behar izan genituenak. Gero murrizten hasi ziren saioak eta, krisiak harrapatu gintuenean, egoerara moldatzen jakin behar izan genuen. Udalek diru gutxiago zuten gu kontratatzeko eta produkzioa gure kabuz egiten hasi ginen. Iaz 25 kontzertu eskaini genituen. Baita Euskal Herritik kanpo ere: Pariseko antzoki batean eskainitakoa berezia izan zen zentzu guztietan, bikain antolatua, eta merezi izan zuen esperientzia izan zen. Oso polita joan zen.
– Zer bilatzen duzu batez ere kontzertuetan? Orokorrean konforme irteten zara? Ala zure buruari gogor egiten diozu?
Izateko moduak asko esan nahiko du seguruenik eta, bai, guztiz pozik ez geratzeko joera badut. Kontzientzia argia dut dudan zorteaz jabetzeko. Badakit jendeak nik egindako lana erosten duela eta begirune handia diet horrelako gauzei. Nahiko asekaitza naizelakoan nago. Coliseoan eskainiko dudan kontzertua nire lehen kantaldia da: horrek duen esanahi guztiarekin, ez da esaldi batera mugatzen. Badakit handik irten eta marra-marra bueltatuko naizela etxera, kantaldiari bueltak emanez; hurrengo egunetan sendatzen joango naiz eta, ondoren, hurrengo kantaldia jaioko da.
Hurrengoetan ere berdina izango da. Baina hori da behar dudana, horrek bizi nau. Zure uzta ematen diozu jendeari eta ordainetan publikoarekin lortzen duzun konplizitate horrek, sortzen diren bibrazio horiek, beharrezkoak dituzu ibilbidea egiteko.
– Urte guztiotako bilakaeran, zertan aldatu zara batez ere?
Oharkabean izanda ere, aldatzen goaz ezinbestean. Gainera, gauzak hobeto egiten saiatzen garenez, geuk ere aldaketaren bidetik jotzen dugu, ordura arte egin ez duguna egiten. Proposatu gabe ere, argi dago aldatzen naizela estetikoki. Hori bai, gauzek gu aurkitzen gaituzte, beti ere topo egiteko baldintza egokietan aurkitzen garenean. Bestela, ez daude inon. Inork ez du ezer aurkitzen, gauzak ez badira behintzat guregana etortzen. Ez da nire lanbidearen edo izaeraren kontua bakarrik; goitik behera edo behetik gora, baina halakoen menpe gaude.
– Gaur egun zein autore, zein testu, dituzu esku artean? Norengana jotzen diharduzu?
Nire kabuz badihardut ere, ezin dut ukatu Fernando Pessoarenak nireak bezala ditudala. Zaila da esplikatzea, baina bera irakurrita nire arima bikitzat hartu dut. Gero eta gehiago ohartu naiz gizakia eta natura berak ulertzen zituen modua eta nirea oso antzekoak direla, bide beretik doazela. Eta berak bizitako denboretako konstante berdinei eusten diogula gaur egun.
– Zelan ikusten duzu gaur egungo euskal musikaren egoera orokorrean?
Euskal musika haurra da oraindik, hori du gabezia. Gu hasi ginen zerbait berria egiten, koplari eta bertsolarien tokia hartuta. Iparragirreren ondoren, geu izan ginen juglar lanak egiten lehenak. Tradizio bat izateko 50 urte behar dira gutxienez eta, munduko besteekin zure burua parekatzeko, gazteegia da oraindik euskal musika. Eskola finkatzeko astirik ez dugu izan oraindik. Horrez gain, gure egoera ere den modukoa da, herri menderatua gara ia zentzu guztietan eta hori zama da euskal musika garatzeko orduan. Herri bat burujabe izan behar da munduaren plazan besteen parean izateko. Hori lortuz gero, guztia aldatuko litzateke: nazioarte mailan errespetatuko gintuzkete. Horretarako ez da anglosaxoia izan beharrik... hungariarren pare egotearekin nahikoa da.
Baina erregional mailan dihardugu jokatzen, beheko mailan. Aukerak behar dira: Parisen emandako kontzerturako euren hizkuntzan eman behar izan genituen gure erreferentziak, gure burua aurkeztu... baina gero, testuen maila literarioak-eta feeling-a sortzea ahalbidetu zuen: autopista zabaldu zen, hegan egiteko aukera emango ziguna. Kulturaren jabe izatea, hizkuntza garatuta izatea... abantailak dira. Horrek dakar euskeraz jakin barik ere Parisen eman genuen kontzertuan ikus-entzule izan genuen batek Orion eman dezakegun beste batean izan daitekeen beste batek baino hobeto ulertu ahal izatea transmititu nahi zaion mezua.